Aeronautika

Epsilonen haize tunela martxan jarriko dute berriz

CTA fundazioak akordiorako oinarriak lortu ditu Arabako Parke Teknologikoarekin, eta bi urterako alokatuko du instalazioa. 2012az geroztik geldirik zegoen, eta 600.000 euro beharko dira hura teknologikoki berpizteko.

Epsilon Euskadiren haizearen tunelean Espainiako futbol ligako baloiaren aerodinamika neurtu zutenekoa. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko azaroaren 9a
16:05
Entzun

Epsilon Euskadik Miñaoko (Araba) parke teknologikoan eraikitako haize tunela ufadaka hasiko da berriz. BERRIAk jakin ahal izan duenez, CTA fundazioak akordiorako oinarriak lortu ditu Arabako Parke Teknologikoarekin, hura da Epsilonek utzitako instalazioen jabea, eta gutxienez bi urterako alokatuko du tunela. CTA fundazioa aeronautikan erabiltzen diren osagaien probak egiten dituen laborategi bat da, eta sektoreko enpresa batek eginiko eskakizunei erantzuteko behar dute tunelaren teknologia. Tunela 2012az geroztik dago geldirik, eta hura teknologikoki berpizteak 600.000 euro inguruko kostua izango du parkearentzat, baina alokairuarekin estaliko luke lehen inbertsio hori.

Haize tunela Epsilon Euskadiren porrotaren ikur nagusia izan zen. 2009an eraiki zuten puntako teknologia instalazioa, 1 Formulako talde izan asmo zuenaren aerodinamika azterketak egiteko. Epsilon Euskadik, baina, porrot egin zuen 2012an, eta, hartaz geroztik, turbina geldirik egon da. Hamar urte geroago, teknologia ez da hain puntakoa, baina bai lehiakorra, eta CTA fundazioak hura berpizteko pausoa eman du. Garai hartan, tunelak 25-30 milioi euroko balioa zuela zabaldu zuten bultzatzaileek. 1.000 zaldiko potentziadun turbina du, orduko 270 kilometroko haize ufadak sor ditzakeena. 2009an, tankera horretako bi tunel zeuden Europan; egun, 30 inguru dira.

Horrelako instalazio bat berpizteko, baina, egitasmo sendo bat behar da, eta hor sartzen da jokoan CTAk esku artean duen egitasmoa. CTAk aurretik hainbat kontratu izan ditu aeronautika enpresa handiekin (Airbus, Boeing...), eta bezero berriaren nahia asetzeko tunela behar du. Parkearekin lorturiko aurreakordioaren arabera bi urterako alokatuko du tunela, eta, hortik aurrera, urtez urtez luzatu ahal izango du. Dena den, ez litzateke harritzekoa beste bizpahiru urtez luzatzea. Aurreikuspen baikor horrek eta berme osoko bezero bat izateak eraman ditu CTAko patronoak (Jaurlaritza, Bizkaiko eta Arabako aldundiak, ITP; Aernnova, Sener eta 11 enpresa txikiren elkarte bat) tunela martxan jartzera. Fundazioak Miñaon du egoitza.

Tunela berpiztea Arabako parke teknologikoaren aspaldiko helburu bat zen. Urtez luzez saltzen saiatu ondoren, azkenean alokatzea erabaki dute. Egokitze lanetarako 600.000 euroko funts bat onartu du aurrekontuetan. Egokitze lan horien artean daude, besteak beste, softwarea eta lizentziak berritzea, tuneleko tapiz mugikorra aldatzea, entsegu banku berria eraikitzea... Aeronautika probetarako egokituko dute, erabilera konplexuena dena. Ondorioz, prest legoke ere beste erabilera sinpleagoetarako, esaterako, trengintzakoak edo akademikoak.

Tunelaren berpizkundearekin Miñaoko Marie Curie eraikin osoa okupatuta legoke. Epsilon Euskadik hutsik utzi zuen 15.000 metro koadroko pabiloia da. Egun bi enpresa daude bertan: AVS NASArekin lankidetzan diharduen aeronautika enpresa eta Alisea Esco energia sektorekoa. Azken horrek 250 langile gehiago eman nahi ditu Miñaora. Handitze horrekin eta haize tunelaren aktibazioarekin, eraikin osoa okupatuta legoke.

CTAk operatuko du tunela, baina ez dio bezero bakarrari eskainiko. BERRIAk jakin duenez, lehen enkarguarekin kostuen zati handi bat estaliko luke, baina asmoa ahalik eta gehien erabiltzea da. Hainbat enpresari eskaini die dagoeneko. Bere garaian Epsilon saiatu zen tunelari erabilera industriala ematen, baina ez zuen lortu. Erakunde publikoek badakite tunela martxan jartzea albiste ona dela. Pandemiaren ondoren, aeronautika apurka berpizten ari da, eta enpresa bat erakarri izana beste batzuentzat amu ona izan daitekeela uste dute.

Urteak galerak pilatzen

Tunela berpiztu dute, bai, baina kostako zaio urteetan pilaturiko zorrak kitatzea. Izan ere, 2012an parkeak bere gain hartu behar izan zuen Epsilonek Kutxabankekin sinaturiko 16,4 milioi euroko mailegua. 2020an, esaterako, parkeak 2,8 milioi euroko ordainketa bat egin zuen, eta, ondo bidean, 2032an bukatuko du ordaintzen. Eta izan al du diru sarrerarik? Bada, hamar urtean 61.935 euro lortu dituzte bakarrik, eta horiek zinema grabazioen bitartez izan da. Urrunago joan gabe, 2019an eta 2020an instalazioek ez zuten euro bakar bat ere eman. Gauzak hala, ulertzeko da CTAren pausoak sorturiko itxaropena.

Epsilon Euskadi Euskal Herrian oinarri izango zuen 1 Formula talde bat bultzatzeko egitasmoa izan zen. World serieetan lehiatzera iritsi zen, 1 Formula azpiko mailan, baina inoiz ez zuen pauso hori eman. Azkoitian eman zituen lehen pausoak, eta 2009an eman zuen jauzia Miñaoko instalazioetara. Kalkulu ezberdinen arabera, 50 milioi euroko laguntza publikoa jaso zuen Jaurlaritzatik, baina ez zuen segidarik izan. Auziak epaitegietan bukatu zuen, eta porrot ekonomikoaren eskutik hasi zen likidazio prozesua. Hartaz geroztik, Arabako parke teknologikoaren gain erori zen instalazioen jabetza eta zorraren ardura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.