Energia

Errusia gas gehiago bidaltzen hasi da

Gasaren prezioa beherantz egiten ari da, Gazpromek Putinen agindua bete eta Europa mendebaldera gas gehiago igortzen hasi ondoren.

Gazpromen irudia, azoka batean. SERGEI ILNITSKI / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 9a
16:28
Entzun

Gasaren prezioak beheranzko bidea hartu du berriro, Gazprom Europa mendebaldeko bere biltegiak betetzen hasi dela egiaztatu ondoren. Hilabete barru entregatu beharreko gasaren kotizazioa ia %7 ari zen jaisten, eguna zalantzekin hasi ondoren.

Gaur goizean orduko 860.000 metro kubiko gas bidali ditu Alemaniara Gazpromek, Jamal-Europa gasbidearen bitartez, bezperan bidalitakoa halako bi baino gehiago. Eustream Eslovakiako gasbidearen kudeatzaileak ziurtatu du Ukraina eta Eslovakia zeharkatzen duen gasbidetik ere gas gehiago igarotzen ari dela.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak duela bi aste Gazpromeko buru Aleksei Millerri agindu zion mendebaldeko biltegiak betetzeko, behin Errusiakoak bete ondoren. Prozesu hori atzo zen bukatzekoa.

Gas biltegien maila txikiak eskasiari buruzko kezka areagotu du azken asteetan, eta gorantz egin dio tira gas naturalaren prezioari. Putinek ukatu egin du berak bilatutako egoera izan dela, Alemaniara zuzenean doan Nord Stream 2 gasbide berriarentzat funtzionamendu baimena bizkortzeko —urte amaierarako espero da—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.