Sexu Indarkeria

Sexu jazarpena salatzeko '#MeToo' kanpaina bat abiatu dute Frantziako hedabideen munduan

Zortzi emakumek sexu indarkeria leporatu diote Frantziako telebistako aurkezlerik ezagunenetako bati: Patrick Poivre d'Arvor TF1 kateko albistegi nagusiko aurkezlea izan zen 21 urtez. Libération kazetak argitaratu ditu zortzi emazteen testigantzak, izen-abizenekin.

Patrick Poivre D'Arvor, Cannesko znema jaialdian, 20016. urtean. GEORGES BIARD
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 9a
18:14
Entzun

Patrick Poivre d'Arvor Frantziako aurpegirik ezagunenetako bat da. Ez zen alferrik egunero agertu TF1eko gaueko albistegia aurkezten, 1987tik 2008ra. Baina aurretik ere Antenne 2 kateko 20:00etako albisteen aurkezlea izan zen 1976tik 1983ra. Salatu dutenez, kazetari gisa eginiko ibilbide hori bezain luzea da haren sexu indarkeria. Aurtengo otsailean salatu zuten bortxaketarengatik lehen aldiz. Gaur, Libération agunkariak zortzi emakumeren lekukotasuna argitaratu du. Izen-abizenekin, eta aurpegia erakutsiz, bortxaketa, jazarpena eta sexu indarkeriako bestelako ekintzak leporatu dizkiote.

Aurtengo otsailean hasi zen salaketa zaparrada: Florence Porcel idazleak epaitegian salatu zuen Poivre d'Arvorrek bortxatu egin zuela hainbatetan, 2004tik 2009ra. Salatzaile guztiek adierazi dute aurkezleak bere boterea erabilita egiten ziela eraso emakumeei, askotan menpeko lankideei, eta inguruko askoren isiltasunak egin zuela posible salaketarik eta zigorrik gabe zenbait hamarkadaz jarraitu izana horretan.

Porcelen salaketak zabaldu zuen lekukotasun zaparrada. Izan ere, hurrengo aste eta hilabeteetan hainbat emakumek kontatu zuten aurkezleak sexu erasoa egin ziela. Le Monde egunkariak zortzi lekukotasun argitaratu zituen martxoan. Denera 22 emakumek salatu zuten aurkezlea Poliziaren aurrean.

Edonola ere, Nanterreko Auzitegiak afera artxibatzea erabaki zuen ekainaren 24an, lau hilabeteko ikerketa egin ostean, lege hausteak preskribatuta zeudelakoan, edo behar adina proba ez zegoelakoan. Uztailean beste emakume batek salatu zuen, eta adierazi zuen aurkezleak bortxatu zuenean 16 urte baino ez zituela.

Libération-ek ikerketaren txostena aipatu du. Horren arabera, ikertzaileek ondorioztatu zuten aurkezleak bere ospeaz abusatzen zuela, eta sistematikoki egiten ziela eraso erredakzioko langileei. «Antzera jokatzen zuen beti biktimengana hurbiltzeko, eta bortitz aritzen zen, limurtzeko inongo saiorik egin gabe, eta kontra egitera ausartzen ziren emakumeenganako inongo errespeturik gabe».

Egunkariaren arabera, Porcelek datorren astean beste salaketa bat aurkeztuko du, afera berriz zabaltzeko. Salaketa jarri duten emakumeek elkarte bat sortuko dutela iragarri dute, #MeTooMedias izenekoa. Adierazi dutenez, euren helburua «hedabideetan isilean sufritzen ari diren gizon-emakumeen» borroka bultzatzea litzateke.

Poivre d'Arvorrek 74 urte ditu egun, eta erretiroa hartuta dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.