Mobilizazioak

Sindikatuak batu egin dira erreformen aurka, baina greba deitu gabe, oraingoz

Abenduaren 1erako martxak antolatu dituzte, Hegoaldeko hiriburuetan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde, CGT eta CNT sindikatuek. Etorkizuneko bizi eta lan baldintzak Madrilen  hartzekoak diren erabakien menpe daudela ohartarazi dute.

Lan eta pentsio erreformen aurkako manifestzioa bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2021eko azaroaren 11
12:41
Entzun

«Europako funtsak Damoklesen ezpata direlako», eta urte bukaerarako Madrilen hartzekoak diren «erabakien araberakoak izango direlako etorkizuneko bizi eta lan baldintzak», protesta eraginkorrak egin nahi dituzte euskal sindikatuek. Aldarri multzo bat osatu eta horiek lortzeko, mobilizazio bateratuari ekitea erabaki dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek. Lehena, abenduaren 1ean izango da: Hegoaldeko hiriburuetan manifestazioak antolatu dituzte.

Ez dute argitu greba orokorrera ere deituko ote duten mobilizazio sorta horretan, baina azaldu dute «garrantzi handiko garaia» dela hau, eta Europako funtsak «Damoklesen ezpata» bilakatzen ari direla. Horren aurrean, elkarrekin aritzea erabaki dute Madrilen erabakitzen ari diren lan eta pentsioen erreformen aurka. «Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi eta lan baldintzak. Lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek atea zabal diezaioten Espainiako Estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari».

Esplikatu dute murrizketak ezarri nahi dituztela erretiro aurreratuan, pentsioen erreformarako lege proiektuaren barruan; ez dela bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ez eta genero arrakala apaltzea ere. «Gutxi dakigu, baina dakigun horren argitan, orain arteko murrizketak ez dira indargabetuko. Lan erreformaren nondik norakoak are ilunagoak dira, baina ez dirudi Euskal Herrian gure lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik, edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak, esaterako kaleratzeko erraztasuna».

«Confebaskek eta CENek erabakitzen dituzte politikak»

Erreforma horiek «baldintzatzeko» deitu dute manifestazioetara.«Estatuak bere irizpideak inposatzen ditu». Izan ere, sindikatuen arabera, «ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukera» baztertu dute Hego Euskal Herriko erakundeek, esaterako, osasun, hezkuntza eta zaintza sistema publikoari dagokionez. «Premiazko erreforma fiskalari ekitea ere» baztertu ei dute gobernuek. «Confebaskek eta CENek erabakitzen dituzte politika hauek». Uste dute zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzen duen eredua ezarri dutela. «2008ko krisialdian eta koronabirusaren pandemian ikasitakoa ez dute aintzat hartu nahi». Halaber, uste dute krisi sanitarioaren kudeaketak agerian utzi duela «sistema autonomikoa zein hauskorra den: estatuak bere irizpideak inposatzeko ahalmena dauka».

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNTk beharrezkotzat jo dute bat egitea; esaterako, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak larunbaterako deitutako mobilizazioak babesteko. «Greba orokor baten erreferentzia ere aipatu izan dugu; horri buruz, bakoitzak bere iritzia eman du. Gaur esatera gatoz beharrezkotzat jo dugula testuinguru honetan abenduaren 1ean mobilizazio egun bat deitzea». Egun horretan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira martxak, eta, arratsaldean, eskualdeetan, erreibindikazio hauekin: «Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde; lan eta pentsio erreformei, ez; bizi duin baterako burujabetza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.