Errepideak

Gipuzkoak erabat itxiko du A-15 autobidea elurra 700 metrora iragartzen dutenean

Ibilgailu arinek GI-2130 errepidea erabili ahal izango dute Berastegitik Tolosaraino, eta astunek N-1 errepidetik eta Sakanako autobidetik eman beharko dute buelta.

Elurra kentzeko makinak, A-15ean, Leitzan. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 11
13:42
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez, negu honetan Euskalmetek 700 metrora elurra iragartzen duenean erabat itxiko du Donostia eta Iruñea lotzen dituen A-15 autobidea, Gipuzkoako zatian. Aintzane Oiarbidek azaldu du Belabietako tuneletako lanen ondorioz elurra kentzeko makinak ezingo direla aurrera eta atzera ibili, eta horren ondorioz hartu dutela autobidea Berastegi eta Andoain artean ibilgailu guztientzat bi norabideetan ixteko erabakia.

A-15 autobidea Euskal Herriko errepide sare nagusiko bide bat da. Autobidea Andoainen hasten da Gipuzkoan, N-1 errepidean, eta Leitzan barrena sartzen da Nafarroan. Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi du Andoain eta Berastegi artean trafikoa eteten duenean Nafarroarekin koordinatuko duela trafikoa. Ibilgailu arinek Berastegi eta Tolosa lotzen dituen GI-2130 errepidea erabili ahal izango dute. Kamioiek eta bestelako ibilgailu astunek, berriz, debekatuta izango dute bide hori, eta N-1 errepidea eta Sakanako autobidea baliatu beharko dituzte itzulbira egiteko.

Gipuzkoako aldean, Andoaingo irteeran bertan itxiko dute bidea. Iruñetik doazenak, berriz, Berastegiraino soilik joan ahal izango dira A-15etik. Puntu horretan, ibilgailu arinek GI-2130 errepidea hartu beharko dute, eta astunei buelta emanaraziko zaie, Sakanatik barrena joan daitezen Gipuzkoara. Oiarbidek gaineratu du A-15a ixten duten egunetan N-1ean eta GI-2130ean areagotu egingo dela errepide horietan mantentze lana egiten eta laguntza ematen dutenen zerbitzua, baita Berastegi eta Leitza arteko A-15aren zatian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.