Literatura

'Haize-lekuak' eleberriak jaso du Zilarrezko Euskadi saria

Gipuzkoako liburu saltzaileek urtero ematen duten saria Amaia Telleriaren lehen nobelarentzat izan da. Gaztelaniazko literatura saria Jon Bilbaoren 'Basilisco'-k jaso du.

Amaia Telleria, liburua aurkeztu zuen egunean. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
2021eko azaroaren 11
14:15
Entzun

Aurreko urtean argitaratu eta «behar zuten merezimendua» jaso ez zuten bi liburu goraipatzeko helburuarekin sortu zituen Gipuzkoako Liburu Sailtzaileen Elkarteak Zilarrezko Euskadi sariak, eta aurten Amaia Telleriaren (Idiazabal, Gipuzkoa, 1993) lehen nobelari eman dio: Haize-lekuak (Alberdania). 1939an girotutako obra horrek Idiazabalgo nerabe baten istorioa kontatzen du. Mikela protagonista 13 urterekin Altsasura neskame joan, eta, bizipen gazi-gozoen artean, gerrak eragindako oinaze eta orbainak ezagutuko ditu bertan. Telleriaren beraren amonaren testigantzetan dago oinarrituta liburua, eta, liburu saltzaileek adierazi dutenez, bizipen horiek nobelari «ikuspegi pertsonal eta hunkigarria» ematen diote. «Garai krudeletan itzaletan izan ziren emakumeen testigantzei merezi duten espazioa ematen dion nobela da», adierazi dute sariaren berri ematearekin batera.

Gaztelaniazko saria, berriz, Jon Bilbao (Ribadesella, Espainia, 1972) idazlearen Basilisco-rentzat izan da. Kalifoniara (AEB) joan den ingeniari bat du protagonista liburuak. Han, Katharina gaztea ezagutuko du, eta baita John Dunbar ere, mende bat baino gehiago hilda daraman tranpa jartzaile eta pistolaria. Hainbat istoriok ehundutako nobela da Bilbaorena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.