Osasuna

3.535 posturen lan eskaintza publikoa egingo du Osakidetzak

Sindikatuen adostasunik ez du lortu; langileen ordezkarien arabera, lan deialdi honetan ere ez da bermatuko irregulartasunik ez egotea bidean

arantxa iraola
2021eko azaroaren 11
16:37
Entzun

Lan eskaintza publikoa egitea erabaki du Osakidetzak, argudiatuz egiten ez bada «betiko» gal daitezkeela osasun sistema publikoko hainbat postu. Mahai sektorialeko bilera izan du langileen ordezkariekin, eta bileraren ostean eman du erabakiaren berri. Osasun sistemako zuzendari nagusi Rosa Perezek argudiatu du urtebete daramatela sindikatuekin «negoziatzen», ez dutela lortu haien babesik lan eskaintza egiteko irizpideen inguruan, eta «inondik inora ere» ezin dituztela onartu horren ondorioak.

Deialdia bi fasetan egingo dela jakinarazi du; lehena abenduan aurkeztuko da, eta azterketak apirilean eta maiatzean egingo dira; bigarrena heldu den udaberrian aurkeztuko da. Lehen epean gutxienez 1.499 postu eskuratzeko era egongo da, hemeretzi kategoriatan, eta esan dute tartean daudela lehen mailako osasun arta indartzeko lanpostuak. Lan eskaintza publikoaren bidez finkatuko diren postuak erretiroa hartu duten langileak ordezkatzeko direla esan du, eta badirela propio orain sortutako postu batzuk ere.

Perezek adierazi du «berme guztiekin» egingo direla lan eskaintza publiko honetako azterketak, baina zalantza airean dago, aurreko deialdian irregulartasunak atzeman zirelako, bertan behera utzi behar izan zirelako hainbat hautaketa prozesu, eta auzitara ere heldu direlako irregulartasun horien gaineko salaketak. Dagoeneko hogei auzipetu daude aurreko oposizioetako irregulartasunen auzian, eta zurrunbilo handia sortu da horren inguruan. 2018ko ekainean hasi zen auzia, eta azaroan Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen. 2019ko otsailean jarri zuen fiskaltzak Osakidetzaren aurkako salaketa, eta Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman zuen martxoan.

Irregulartasunen itzala saiheste aldera, orain epaimahaiak zozketaz hautatuko dituztela esan dute orain Osakidetzako buruek, urritu egingo dituztela horietan parte hartzen duten pertsonak, eta portaera ona bermatzeko kode bat ezarriko dutela.

Sindikatuek adierazi dute, ordea, neurri horiekin ez dela aski aurreko deialdian atzeman ziren «iruzurrak» eragozteko. ELAk ohartarazi du «gardentasuna» ez dagoela bermatuta deialdi honekin, eta, gainera, «behin-behinekotasunari» ez diola konponbiderik emango. Sindikatu horrek gogorarazi du 24.600 langile ari direla Osakidetzan behin-behineko postuetan. Horietatik, 9.000 langilek zortzi urte baino gehiago daramate egoera horretan, eta lan eskaintza honek ez du arazoa konponduko. Erantsi du mahai sektorialeko sindikatuek ez dutela babestu lan eskaintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.