Auzitegiak

PSOEk eta PPk Konstituzionalerako adostutako hautagaiak onartu ditu Kongresuak

Odon Elorzak eta beste hamar diputatuk alderdiak agindutakoaren kontra bozkatu dute. Angel Gabilondo donostiarra Espainiako ararteko izango da.

Bozketan parte hartu ez duten taldeetako bozeramaileak. FERNANDO ALVARADO, EFE
2021eko azaroaren 11
17:50
Entzun

PSOEk eta PPk duela hiru aste Espainiako Auzitegi Konstituzionala berritzeko egindako akordioak aurrera egin du Kongresuan, eta Concepion Espejel, Juan Ramon Saez Valcarcel, Inmaculada Montalban Huertas eta Enrique Arnaldo Alcubilla Konstituzionaleko kide izango dira.

Gehiengoa ziurtatuta zegoen Kongresuko bozketan, baina, azkenean, ezkerreko 11 diputatuk euren alderdiak esandakoaren kontra bozkatu dute, Arnaldoren izendapenagatik. Horien artean egon da Odon Elorza. ERCk, EAJk, EH Bilduk, BNGk, Voxek eta Ciudadanosek ez dute bozketan parte hartu.

Espejel Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko presidentea da, eta PPk proposatuta sartuko da Konstituzionalean. Bera izan zen Altsasuko auziko epaileetako bat. Gazteen defentsak kasutik ateratzeko eskatu zuen, Guardia Zibileko koronel batekin ezkonduta dagoela argudiatuz, eta, «agerikoa» delako «lotura psikologiko edo afektibo sendoak» dituela haren bikotekidea kide den erakundearekin. Gainera, gogoratu zuten Guardia Zibilaren Meritu Ordenaren domina eman ziola Espainiako Barne Ministerioak Espejeli.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian ere PPren eskutik sartu zen. Horregatik, alderdi horren ustelkeria argitzeko Gurtel auziko epaile izendatu ondoren, aldeetako batek apartatzeko eskatu zuenean, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak bat egin zuen eskaerarekin.

Juan Ramon Saez Valcarcel PSOEk proposatuta egongo da Konstituzionalean, baina zenbaitzuek adierazi dute Podemosi utzitako kuota betetzen duela. Euskaldunon Egunkaria-ren auziko epailea izan zen, Javier Gomez Bermudezekin eta Manuela Fernandezekin batera.1996tik 2001era Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izan zen Izquierda Unidak proposatuta.

Egunkaria auziko auzipetuak absolbitzeaz gain, Josep Lluis Trapero Kataluniako Poliziaren burua ere absolbitu zuen, 2017ko erreferendumean izan zuen parte hartzeagatik epaitu zutenean (Espejel ere epaile izan zen epaiketa hartan, eta absoluzioaren kontrako boto partikularra eman zuen). 2011n Kataluniako Parlamentua blokeatu zuten antisistemak ere absolbitu zituen.

Memoria historikoari buruzko hainbat artikulu idatzi ditu, auzitegi frankisten epaiak baliogabetzea defendatu zuen, eta diktadurako krimenei nazioarteko legedia ezarri behar zitzaiela ere bai.

Espainiako ararteko, berriz, Angel Gabilondo donostiarra izango da, Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian —2009 eta 2011 artean— Espainiako Hezkuntza ministro izandakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.