Futbola
Espainiako Federazioak hiru puntu kendu dizkio Realari, azken neurketan lehiaketaren logotipoa ez eramateagatik
Talde txuri-urdinari isun ekonomikoa ere jarri diote. Horrenbestez, donostiarrek 18 puntu izango dituzte, 21 izan beharrean. Levanteri eta Vila-reali ere zigor berberak ezarri dizkie Lehiaketa Batzordeko epaile bakarrak.

Espainiako Futbol Federazioak argitaratu duen oharraren arabera, Lehiaketa Batzordeko epaile bakarrak bi zigor ezarri dizkio Realari, Betisen aurka jokatu zuen azken partidan lehiaketaren logotipoa ez eramateagatik. Bata, hiru puntuko galera —18 puntu izango lituzke orain, 21 izan beharrean—; eta bigarrena, isun ekonomikoa, 602 eta 3.006 euroren artekoa, lehiaketako 88. artikuluaren arabera. Hain zuzen, Levantek eta Vila-realek ere Realari ezarri dizkioten zigor berberak jaso dituzte, arrazoi beragatik.
Horrez gain, Rayo Vallecano, Betis eta Valentzia ere zigortu ditu epaileak, baina isun ekonomikoa bakarrik jarri die, «aurrez ez zeudelako jakinarazita», antza.
Realak ez du ebazpenaren inguruko adierazpenik egin oraindik. Klubak hamar eguneko epea du erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko.
Bestalde, Realeko akziodunen batzar nagusia azaroaren 14an egingo da, Viktoria Eugenia antzokiko areto nagusian, 19:00etan.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.