Atletico Madril 0-1 Reala

Txuri urdinek garaipen handia lortu dute azken unean

Nerea Eizagirrek 93. minutuan penaltiz sartu du golak Realeko jokalariak Espainiako Futbol Federazioaren ikurra eraman dute elastikoan, baina estali egin dute. Gainera, bi taldeetako jokalariak 30 segundo geratu dira, liga profesionalizatzeko bidean izandako etena salatzeko.

ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 13a
16:53
Entzun

Oraindik luzea da liga. Baina Reala partidaz partida erakusten ari da benetako hautagai dela Txapeldunen Ligan sartzeko. Natalia Arroyoren taldeak balio handiko garaipena lortu du Atletico Madrilen zelaian. Balio handikoa arrazoi askorengatik. Lehenik, horri esker Realak sendotu egin duelako bigarren postua; bigarrenik, espainiarrak aurkari zuzenak direlako Txapeldunen Ligara sailkatzeko lehian; hirugarrenik, buruz buru eta sendo lehiatu delako ligako talderik indartsuenetako baten kontra; eta, laugarrenik, azken unean gertatu delako, min gehien egiten duenean. Gola penaltiz izan da, 93. minutuan, eta Nerea Eizagirrek sartu du.

Aldarrikapenaren garaipena ere izan da gaurkoa. Hala hasi baita. Txuri-urdinei hiru puntuko zigorra jarri zien atzo Espainiako Futbol Federazioak, haren ikurra ez jartzeagatik elastikoan, baita zigor ekonomikoa ere. Realeko jokalariek hori salatzeko keinua egin dute neurketa hasieran. Ikurra eraman dute elastikoan, baina eskuarekin tapatu dute. Beste aldarrikapen bat ere egon da. Izan ere, jardunaldi honetako partida guztietan bezala, bi taldeak 30 segundoz geratu dira neurketa hasieran, liga profesionalizatzeko bidean izaten ari den etena salatzeko.

Behin hori eginda, bete betean hasi da neurketa. Hasieratik lehiakor aritu dira txuri-urdinak, eta sufritzen jakin dute hala egin behar zutenean. Atletico Madrilen ahalmen fisikoa handia da, eta hori baliatzen du partidaren agintea izan, eta aurkaria atzean sartzeko. Are gehiago etxean jokatzen duenean. Ludmila Da Silva aurrelariaren abiadurak min handia egin ohi izan dio Realari. Gaurkoan ere sortu du arriskua, eta izan du bere taldea aurreratzeko aukeraren bat, baita Deyna Castellanosek ere. Baina Ana Tejadak eta Ane Etxezarretak ondo eutsi diete. Realak ere sortu behar zuen arriskuren bat etxekoak deseroso sentiarazteko. Atzean ondo aritzearekin ez da nahikoa halako taldeen aurrean. Horixe egin dute Iris Arnaizek eta Gaby Garciak. Baina ez dute asmatu. Lola Gallardo etxekoen atezainak gelditu onak egin dizkie. Horiek izan dira lehen zatian Realak izandako minuturik onenak: 15. eta 30. minutuen artekoak. Azken txanpan berriz ere eusten jakin dute txuri-urdinek.

Hasi bezala amaitu da lehen zatia: 0-0. Bigarrenean Atletico Madril agindu egin du. Elene Lete txuri-urdinen atezainak pare bat gelditu on egin ditu. Lete atera itzuli da, azken neurketak Adriana Nanclaresek jokatu ostean. Estutzen ari ziren etxekoak, eta taldearen defentsako lana sendotzeko Iraia Iparragirre eta Izarne Sarasola zelairatu ditu Arroyok. Helburua lortu du. Realak lehiakor segitu du, hortzak ondo estutuz, eta partida 0-0 amaituko zela zirudienean iritsi da Sanni Franssiri egindako penaltia. Nerea Eizagarriek ez du huts egin, eta txuri-urdinak hiru puntuak zakuratuta bueltatu dira etxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.