Ramnicu Valcea 34-28 Bera Bera

Bera Berari asko zaildu zaio Europan segitzea

Partida bikain hasi arren, sei golen aldez galdu dute donostiarrek Errumanian, bigarren zatian aurkariaren defentsa gainditzeko zailtasunak izan eta gero. Hurrengo larunbatean erabakiko da kanporaketa, Donostian.

ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 13a
18:05
Entzun

Bera Berak sei golen errentari eman beharko dio buelta datorren larunbatean, Europako ligan jarraitu nahi badu. Donostiarrek 34-28 galdu dute Ramnicu Valcearen kontra, txapelketako hirugarren kanporaketako joanekoan. Imanol Alvarezenek ezin izan dute egindako partida hasiera ona baliatu, eta bigarrenean trabatu egin dira aurkariak ezarritako 5-1eko defentsaren aurrean. Horrenbestez, asko zaildu zaie kanporaketa.

Bi dira Bera Bearen oinarria: defentsa eta kontraerasoa. Bada, partidako lehen minutuetan bikain aritu dira defentsan donostiarrak. Horren adierazle, lehen hamar minutuetan hiru gol baino ez dituzte egin etxekoek. Hori Europan ez da erraza. Atzean hain ondo egoteak, patxada eman dio erasoan Alvarezen taldeari, eta Esther Arrojeriak gidatuta oso ondo aritu da. 15. minutuan, sei golen errenta zuen: 5-11. Baina minutuak aurrera joan ahala partida aldatzen joan da, eta etxekoak esnatzen hasi dira.

Horretarako hainbat gako egon dira. Batetik, etxekoek buruz buruko defentsa egin diote Arrojeriari, donostiarren erasoko jokoak zuen argitasuna itzali nahirik. Bestetik, atezaina aldatu du Valceak, Isabell Roch kantxaratuz. Alemaniarrak hainbat gelditu egin ditu segidan. Gainera, erasoan, errumaniarren izarretako bat agertzen hasi da: Irina Glibko.

Bera Berak hainbat minutu eman ditu golik sartu gabe, eta erasoz eraso etxekoak aldea murrizten joan dira, 12na berdindu arte. Berriz ia zerotik hasi behar. Alvarezek zerbait aldatu beharra zuen, batez ere erasoan. Emma Boada atera du, Arrojeriarekin batera taldea gidatzeko, eta jokoari argitasun taktiko gehiago emateko. Malena Cavoren gol batek eten du donostiarren lehortea, ohikoa duen ausardiarekin berneraketa bat eginez.

Une garrantzitsua izan da. Izan ere, gai izan dira partidan izan duten lehen txakalaldiari buelta ematen. Horretarako, Valceak azken bizpahiru minutuetan galdutako pare bat baloi inozo baliatu dituzte, eta Sara Gilen bi goli esker atsedenaldira errenta txukun samar batekin joateko modua izan dute donostiarrek: 13-16

Defentsan ezin asmatu, eta erasoan presaka

Bigarren zati hasieran lehendabizikoan aukerarik izan ez duten jokalarien alde egin du Alvarezek: Mirene Moreno, Maria O’Mullony eta Ainhoa Etxeberria, besteak beste. Valcea berriro ere gol batera jarri da: 16-17. Joan-etorriko partida bihurtu da hurrengo minutuetan, kontrolik gabea. Bera Berak patxada eman behar zion norgehiagokari. Maitane Etxeberriak pare bat aukera izan ditu Bera Berak zuen gol bateko errenta handitzeko. Baina hegaletik ez du asmatu. Eta etxekoak aurretik jarri dira berriro: 20-19.

Oraingo honetan, Bera Berak ezin izan du partida onbidera itzuli. Defentsan ez du lehen zatiko sendotasuna erakutsi, eta hori gabe Europan oso zaila da lehiatzea. Kontraeraso dezente ahalbidetu dizkiete errumaniarrei. Horrek ekarri du erasoan presaka jokatzea eta ez asmatzea. Ezin izan du bidea topatu Errumaniako taldearen 5-1eko defentsa hori gainditzeko. Oraingoan Boadari egin diote buruz buruko defentsa.

Zuloa handitzen joan dira etxekoak. Pixkanaka ihes egin dio neurketak Bera Berari, eta maldan gora jarri zaio kanporaketa. Zazpi gol atzetik ere egon da. Azken unean Arrojeriak sartutako gol batek seira murriztu du aldea. Etxerako bidaia luzearen ostean, asteazkenean Gijonen aurkako jokatuko du Bera Berak ligan, eta larunbatean itzulerako neurketa izango du errumaniarren kontra. Zail du sailkatzea, baina balentria handiagoak eginda daude donostiarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.