Altuna III.a 22-20 Laso

Altuna III.ak irabazi du lau eta erdiko txapela

Final ikusgarria jokatu dute Lasok eta biek, eta une erabakigarrian gehiago asmatu du txapeldunak. Hirugarren txapela lortu du kaiolan, bosgarrena profesionaletan. 

Publikoa itzuli da harmailetara Bilbon. Final bikaina izan da. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2021eko azaroaren 14a
19:23
Entzun

Historiako pilotaririk handienetako bat erretiratu zela atzo, baina Jokin Altuna ere ez da atzean geratuko martxa honetan. Markak hautsita eta marka utzita agurtu zen kantxetatik atzo Aimar Olaizola, Goizuetan. Ordea, Altuna III.ak ere zenbaki distiratsuak ditu, oraindik 25 urte besterik ez eta. Final ikusgarria jokatu eta Unai Lasori 22 eta 20 irabazi ondotik, lau eta erdiko hirugarren txapela jantzi du amezketarrak, profesionaletako bosgarrena. Lehen zatian nagusi izan eta gero, bigarrenean dezente sufritu behar izan du txapeldunak, baina une erabakigarrian ez du hutsik egin. Kasik galduta ere izan du uneren batean, baina txapeldun izaerak halakoetarako balio du. Negar malkotan, hunkituta agertu da txapela jantzi berritan. «Izugarri pozik nago. Nire gertukoek bakarrik dakite zenbat lan egin behar izaten dudan halako egunak bizitzeko, eta haiei eskaintzen diet txapela. Oso final gogorra izan da, estua, baina indarra eman digu harmailak beteta ikusteak. Zoriontsu sentitzen naiz».

Neurketa hasi aurretik sumatzen zen giro berezia harmailetan, Altunak esan bezala, aspaldiko partez publikoarekin jokatu baita finala. Pilotazale gazteak izan dira nagusi, batez ere goiko harmailetan, eta ozen animatu dute pilotari bat zein bestea. Hasieran, boxeolariak balira bezala aurkeztu dituzte pilotariak: argiak itzali eta ilunpetan kantxaratu da Altuna III.a errebote aldetik. Laso aurreko hormatik sarrarazi dute, hori ere ilunpetan. Sekula ikusi gabeko final hasiera osatu dute.

Horrek urduritasuna areagotuta edo, ez du behar bezala hasi neurketa Lasok: lehen sakea luzeegi atera du. Hurrengo tantoan, ordea, argi utzi dio Altunari ez ziola ezer oparituko, eta amorruz ospatu du. Lehen tantoetako urduritasunak alde batera utzita, Altunak hartu du neurketaren kontrola. Haren erritmora ibili da Laso alde batera eta bestera. Amezketarrak jo du musika, eta dantzan ibili da Laso. Lehen zati luzean aipagarria izan da txapeldunak nola aurkitu dituen kantxako bazterrak. Batez ere, pilota ezker hormara bideratuta egin du min.

Aurreneko atseden luzetik bueltan, nafarra erasokorrago kantxaratu da, eta 13-14 aurretik jartzea lortu du. Jon Mariezkurrena aholku emailearekin eta enpresako kideekin batera, taktika aldatzea erabaki du Baikoko pilotariak, eta asmatu du. Hazi egin da, eta sakea bera ere konfiantza handiagoarekin egin du. Hortik etorri da bere hobekuntza. Pilotek distira apur bat galdu dutenean, erosoago jokatu ahal izan du Lasok. Tanto ikusgarriak egin ditu. Harekin batera, zaleak ere gora etorri dira. Tentsioa eta urduritasuna areagotzen hasi dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Etenaldia

Dena aurka zuenean ere, ordea, ez du amore eman Altunak, eta Lasoren bolada moztea lortu du (16-15). Tantoak gogortu egin dira, eta nekea ere hasi da agertzen. Horrela, tanto ikusgarriak tarteko, 19-19ra arte. Orduan, protagonismoa harmailetara joan da: finala eten dute, ikusle asko musukorik gabe zeudelako. Bozgorailuetatik esan eta esan ari ziren musukoa janzteko, baina pilotazale askok kasurik egin ez eta, finala eten dute. Koronabirus garaiaren kontuak. Bi pilotariak haserre erretiratu dira aldageletara, unerik erabakigarrienean agertu dutelako halako zorroztasuna. Altuna kritiko mintzatu da. «Lehenago ere musukorik gabe egongo ziren jarraitzaile horiek, eta finala une horretan moztea errespetu falta galanta da gurekiko».

Zorionez, etenaldiak ez du iraun hiru minututik gora, nahiz eta finalistak jertsea jantzita berotzen aritu diren, eta hortik amaierara artekoa ikusgarria izan da. Tanto bakoitza hil edo bizikoa izan da, eta Altunak gehiago asmatu du. Hogeinakoan tantoa ia egina izan du Lasok, baina erabakiarekin ez du asmatu, eta amezketarrak ez du barkatu. Halako erabakietan ia beti asmatzen du, eta ez da kasualitatea. Azken tantoa sakez eginda, txapela merezita jantzi du Altuna III.ak.

Lasok, berriz, penaz eta tristuraz bukatu du, baina badu pozik egoteko motiborik. Hilabete gutxiren buruan langabeziatik podiumaren bigarren koskara egin du jauzi, eta azaldu du izarren artean baduela tokia. Lau urte pasaren ondoren bere enpresari titulua emateko zorian izan da, baina ezin izan du. «Oso gertu izan dut garaipena, baina azken detaile horietan huts egin dut. Pasatutakoak pasatuta, harro nago finalean maila ona eman dudalako. Orain lanean jarraitzeko garaia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.