Lan osasuna

Amiantoak kalte egindakoentzako konpentsazio neurriak hartzera dei egin dio ELAk Nafarroako Gobernuari

Amiantoa erabili duten enpresen zerrenda kaleratzea galdegin dio sindikatuak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, eta egun abian diren auzi judizialak ez ditzatela atzeratu erreklamatu die enpresei.

Esteban Apeztegia Piquer, Andoni Larralde ELAko osasun arloko arduraduna eta David Pena abokatua. Atzean, Fagor Ederlaneko eta Sunsundegui-ko langileak. IñAKI ZABALETA / ELA
joxerra senar
2021eko azaroaren 15a
13:43
Entzun

Esteban Apeztegia Piquerrek pena du Esteban Apeztegia Iturralde aitak ezin izan duela ikusi bere aldeko epaia. Iruñeko Gizarte arloko lehen aretoak ondorioztatu zuenez, 1977tik 1992ra bitartean, Tafallako Victoriano Luzuriaga enpresan, «amiantoarekin egindako babes ekipamenduak ematen zizkieten langileei», 40 urtez ez zen egin lan osasun eta segurtasun arloko kontrolik, eta langileek eurek etxean garbitzen zuten ekipamendua, eta etxera eramaten amiantoa. Hala, epaitegiak ebatzi du Fagor Ederlanek, Victoriano Luzuriagaren enpresa ordezko gisa, erantzukizun zibileko 200.000 euroko kalte ordaina eta alargun pentsioaren %40ko gainordaina pagatu behar diola sendiari.

Esteban Apeztegia aita gogoan, txapela jantziz hasi du prentsaurrekoa izen-abizen bereko semeak, ELAren Iruñeko egoitzan. Hamarkadatan amiantoarekin lan egin ostean, erretiratuta zegoela, minbizia zuela iragarri zioten aitari. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak amiantoarekin erlazionatu zuen gaixotasun hura, eta familiak, ELAren babesarekin, auzitara jo zuen.

Esteban Apeztegia semeak gogora ekarri du arduradun zuzena Victoriano Luzuriaga izan zela, baina haren ordezko gisa, Fagor Ederlanen jarrera gaitzetsi du. «Enpresako arduradunek oso modu txarrean jardun dute, nire ustez, langilearen eta familiaren sufrimendua denboran luzatuz. Azkenean justiziak arrazoi ematerako, berandu zen, aitak ez baitu epaia ikusi». Semearen esanetan, lau adiskidetze saio egin ziren, eta hirutan ez zen enpresa aurkeztu, eta, «agertu zen hartan, ez zen langilea errespetatu». Gerora, behin hilda, akordio bat lortu zutela aipatu du.

Minduta agertu da horregatik. «Jarrera ankerra» izan dela deritzo, eta aitak errespetua merezi zuela uste du: «Eskola zaharreko langilea zen, inoiz gaixo agiririk hartzen ez duten horietakoa». Neurriak hartzeko ere eskatu du. Egun, berak ere Fagor Ederlanen lan egiten du eta espero du iraganeko «akats bera» ez dela egingo. Enpresari eskatu dio fabrikako osagaiak araututako segurtasun mailaren barruan erabil eta kontrola ditzala, baina «zalantzak» agertu ditu hala egiten ote duen.

Beste bi kasu

David Pena ELAko abokatuaren arabera, Fagor Ederlanen sindikatuak beste bi kasu ditu irekiak. Esteban Apeztegiarekin gertatu bezala, erretiratuta zeuden bi langileok, eta minbizia zutela iragarri diete haiei biei ere —diagnostiko hori gaixotasun profesionalarekin erlazionatu diete—. Horregatik, ELAk enpresari eskatu dio prozesu horiek ez ditzala denboran atzeratu, errekurtsoak jarriz eta auzia luzatuz, «familien sufrimendua areagotu besterik ez baitute egiten». Beste bi kasu horietan ere, langileak erretiratuta, erantzukizun zibilari dagokionez, 770.000 euroren kalte ordainak eskatu dituzte orotara; lan ikuskaritzak, berriz, proposatu du pentsioaren %40 eta %50eko gainkarga aplikatzea.

Esteban Apeztegiaren epaia «gordina» dela deritzo Penak , eta langileen baldintzei buruzko hiru aldardi azpimarratu ditu. Batetik, bizitza babesteko helburua izan behar luketen ekipamenduak eurak amiantoarekin eginak ziren: «Hau da, bizitza salbatu behar lizuketen ekipamenduak eurak ari zitzaizkizun hiltzen». Bigarrenik, larria deritzo 40 urtez ez zuela arrisku ebaluaziorik eta ez zuela kontrolatu langilek zer arnasten zuten. Hirugarrenik, «langileek arropa etxean garbitzen zuten, amiantoa etxera eramaten zuten eta euren senideengana heltzen zen».

Penaren arabera, aspalditik ezaguna zen amiantoa osagai arriskutsua zela: amiantoaren ondorioetatik babesteko lan segurtasun arloko legedia zegoelako 1940etik, eta txosten zientifikoek ere aspalditik ohartarazten zutelako bere arriskuaz. «Enpresek interes ekonomikoa lehenesten zuten, eta langileen osasunaren aurretik jarri».

2017tik, 700 kaltetu
Fagor Ederlanen ez ezik, beste enpresa askotan ere erabili zen. Berriki, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak amiantoarekin erlazionatu ditu Sunsundeguiko lau langileren minbizi kasuak. Sindikatuak azpimarratu du amiantoaren aurkako borroka lehenesten dutela, eta hala nahi duten langileei aurrera egitera dei egin die. Kaltetuen elkarteen datuen arabera, 2017tik 700 kaltetu erregistratu dira Hego Euskal Herrian, baina sindikatuak argi du errealitatea lazgarriagoa dela.

Izan ere, ELAren arabera, amiantoaren egiazko errealitatea «ezkutuan» dago, eta beste lurralde batzuekin alderatuta, indize hobea izan arren, mutualitateen jarduerak errealitate hori agerraraztea oztopatzen du. Horregatik, Gizarte Segurantzako eskumen guztiak eta bereziki lan ikuskaritza bereganatzearen aldeko jarrera izan dezan galdegin dio Nafarroako Gobernuari, batik bat PSNri «kontrako jarrera zuzendu dezan». Andoni Larralde ELAko osasun arloko arduradunak gaitzetsi du Espainian ez dagoela borondate politikorik amiantoak kalte egindakoentzako konpentsazio funts bat sortzeko. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu dio kaltetuentzat «konpentsazio sistema propio bat»sortzeko urratsak egin ditzala.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eskatu dio amiantoa erabili duten enpresen eta haien ordezkoen zerrenda atera dezala. Larralderen arabera, «amiantoaren drama lan arlotik kanpokoa da, eta munduan osasun publikoko arazo gisa aitortua da». Nafarroan sei milioi metro koadrotik gora eta 500 kilometro instalatu ziren amiantoa daramaten estaldurekin. Hura kentzeko kostua 240 milioi eurokoa da. Plan bat landu da 2020tik 2032ra amiantoa kentzeko, baina ELAk salatu du 2022ko aurrekontuetan 50.000 euroko ordain saila baino ez dagoela, eta, aldiz, 800.000 euro baliatzen direla lan osasunaren arloko gizarte elkarrizketarako, «hura sinatu zuten eragileak finantzatzeko». «Horrela jarraituz gero, beste 600 urtez jarraituko du amiantoak», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.