Erresuma Batua

Kargurik gabe aske utzi dituzte Liverpoolgo eztandaren harira atxiloturiko laurak

Ustezko erasotzailea identifikatu du Poliziak: Ekialde Hurbileko jatorrikoa, 32 urtekoa, 2017an kristau bihurtutakoa. Etxean eginiko lehergailu bat garraiatzen ari zen, eta horrek eztanda egiterakoan hil zen.

Emad Al Swealmeen, Ekialde Hurbileko asilo eskatzailea zen, 32 urtekoa, eta kristau bihurtu zen 2017an. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 16a
08:31
Entzun

Igandean Liverpoolen (Ingalaterra) gertaturiko leherketaren harira atxilotu zituzten lau pertsonak kargurik gabe aske utzi dituzte. Terrorismoaren aurkako legea ezarrita hartu zituzten preso. Poliziak identifikatu egin du erasoan hil zen gizonezkoa: Emad al Swealmeen. Adierazi dutenez, Ekialde Hurbileko asilo eskatzailea zen, 32 urtekoa, eta kristau bihurtu zen 2017an. Asiloa ukatu zioten 2014ean. Etxean eginiko lehergailu bat garraiatzen ari zen, eta horrek eztanda egiterakoan hil zen.

Igandean, Euskal Herrian 12:00ak zirenean, auto batek eztanda egin zuen Liverpoolgo (Ingalaterra) Women's Hospital erietxearen aurrean, ospitale guneko aparkalekuan, hain zuzen. Hara ailegatu eta berehala lehertu zen ibilgailua. Autoa taxi bat zen, eta, eztandaren ondorioz, barrenean zen bidaiaria hil egin zen. Halaber, taxiaren gidariak lortu zuen ibilgailutik ateratzea, suak erabat hartu aurretik; zauritu egin zen, baina sendagiria eman zioten atzo bertan.

Erresuma Batuko Poliziak «eraso terroristatzat» jo zuen leherketa atzo. Hain zuzen, terrorismoaren aurkako legea ezarrita, lau pertsona atxilotu zituzten, Kensington auzoan, 21 eta 29 urte bitarteko gizonezkoak. Atzo beste atxiloketa baten berri eman zuen Poliziak: 20 urteko gazte bat. Gaur, libre utzi dituzte, inolako akusaziorik gabe, eman dituzten azalpenekin aserik.

Poliziak ez du argitu bidaiariak zergatik joan nahi zuen emakumeen erietxera, baina zehaztu dute zeraman lehergailua etxean egina zela. Halaber, igandeko datak gertakariarekin izan dezakeen lotura nabarmendu zuten. Oroitzapen Igandea ospatu zuten Erresuma Batuan. Azaroaren bigarren igandean egiten da, Mendebaldeko frontean Lehen Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen 1918ko azaroaren 11ko armistizioa gogoratzeko. Leherketa ospakizunaren harira egiten den bi minutuko isilunea hasi baino pixka bat lehenago gertatu zen, eta omenaldietako batzuk ospitale horretatik hurbil zeuden antolatuta. «Ikerketa lerro bat dago hor», zehaztu du poliziak.

Polizia Al Swealmeenek errentan harturiko etxe bat ikertzen ari da, Rutland etorbidean. Han hartu zuen taxia erietxera joateko. Adierazi dutenez, lehergailua nola egin zuen erakutsiko luketen zantzuak aurkitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.