Arrazakeria

Mariane Fernandes Bera Berako jokalariak arrazakeria jasan du Munichen

Bera Bera Errumaniatik bueltan zetorrela, Brasilgo jokalaria hainbat minutuz atxiki du Poliziak, Alemanian egoteko paperik ez zuelakoan. Jokalariaren ahizpak salatu du gertatutakoa.

Mariane Fernandes, aurten, Donostian, Paris 92ren aurkako neurketan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 16a
14:11
Entzun

Joan den igandean gertatu zen: Super Amara Bera Bera Errumaniatik bueltan zetorren, Europako Ligan Ramnicu Valcearen aurka jokatu eta gero. Municheko (Alemania) aireportuan, hegazkina hartzera zihoazenean, jabetu ziren Imanol Alvarez entrenatzailea eta Mariane Fernandes jokalaria falta zirela. Minutu gutxi geroago azaldu zen entrenatzailea, Brasilgo jokalaria kontrol batean atxiki zutela jakinarazteko. Gainontzeko jokalariek arazorik gabe pasatu zituzten kontrol guztiak.

Poliziak dokumentazioa behar bezala ez izatea egotzi zion jokalariari, baina, geroago frogatu zen moduan, okerra zen hori. Bitartean, irtetear zen taldea Euskal Herrira ekarri behar zuen hegazkina, eta klubeko arduradunak hegazkin konpainiarekin harremanetan jarri ziren alternatibak aztertzeko. Orduan azaldu zen Fernandes, bi poliziarekin eta negar batean. Zorionez, azkenean, bere taldekideekin hartu ahal izan zuen hegazkina.

Salaketa

Jokalariaren ahizpak salatu eta gaitzetsi du gertatutakoa lehenik, sare sozialetan. Ondotik, baina, Mariane Fernandesek berak egin ditu jasandakoari buruzko adierazpenak. «Inoiz jasan dudan ekintza arrazistarik okerrena izan da», kontatu du. Halere, jokalariak argi utzi du ez dela izan arrazakeria sufritu duen aurreneko aldia: «Lehendik ere sufritu ditut keinu arrazistak. Rio de Janeirokoa naiz, Anchieta auzokoa. Nire familiarekin hegoaldera joaten naizen aldiro jasan behar izaten ditut halako begiradak, esanez bezala: «Ziur zara hau ordaintzen ahalko duzula? Edonola ere, Poliziak sekula ez nau atxiki; orain arte».

Bestalde, Fernandesek salatu du poliziak oldarkor azaldu zirela harekin. Entrenatzaileari behin baino gehiagotan esan zioten, bortizki, jokalariak ez zuela hegaldia hartzerik izanen: «Alvarezi esaten zioten bera joan zitekeela, baina nik haiekin gelditu beharko nuela», kontatu du. Euskal Herrira joateko aukera noiz izanen zuen galdetuta ere, gogor erantzuten zuten poliziek, jokalariaren esanetan. «Esaten zuten: 'Ez dakit noiz, ez dakit nola, soilik dakit zu [entrenatzailea] joan zaitezkeela baina bera gurekin doala'».

Eskubaloiaren munduan izan du oihartzuna albisteak; Brasilgo federazioak zabaldu du Fernandesen ahizpak idatzitakoa, baita hainbat jokalarik eta klubek ere. Jokalariak eskerrak eman dizkie guztiei Instagram bidez: «Ea egunen batean benetan aske izan gaitezkeen. Joan eta etortzeko eskubidea dugun, sartzekoa eta irtetekoa. Mundu hobeago batean bizitzeko borrokan jarraituko dugu».

Fernandesek 25 urte ditu, eta hirugarren denboraldia du Donostian. Bera Beraren erasoko jokalaririk arriskutsuenetako bat da; iaz, taldeko golegile nagusietan bigarrena izan zen, 29 neurketatan 110 gol sartuta. Aurten ere gakoa izan zen, adibidez, Bera Berak Europako Ligatik Paris 92 kanporatu zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.