Defentsarik gabe, ezinean

Bera Berak 34-28 galdu du Valcearen kontra. Donostiarrek zail dute Europan segitzea

Bera Berako jokalari Ainhoa Etxeberria jaurtiketa bat egiten, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak sei golen errentari eman beharko dio buelta datorren larunbatean, Europako ligan jarraitu nahi badu. Donostiarrek 34-28 galdu zuten atzo Ramnicu Valcearen kontra, txapelketako hirugarren kanporaketako joanekoan. Imanol Alvarezenek ezin izan zuten baliatu partida hasiera ona egin izana, eta, bigarren zatian, trabatu egin ziren, aurkariak ezarritako 5-1eko defentsaren aurrean. Horrenbestez, asko zaildu zaie kanporaketa.

Partidaren hasieran, bikain aritu ziren defentsan donostiarrak. Lehen hamar minutuetan, hiru gol baino ez zituzten sartu etxekoek. Atzean hain ondo egoteak patxada eman zion erasoan Alvarezen taldeari, eta Esther Arrojeriak gidatuta, oso ondo aritu zen. 15. minutuan sei golen errenta zuen: 5-11. Baina minutuak aurrera joan ahala, norgehiagoka aldatuz joan zen, eta etxekoak esnatzen hasi ziren.

Horretarako, hainbat gako egon ziren. Batetik, etxekoek buruz buruko defentsa egin zioten Arrojeriari, donostiarren erasoko jokoa zaildu nahirik. Bestetik, atezaina aldatu zuen Valceak, eta Isabell Roch kantxaratu.Alemaniarrak gelditu asko egin zituen segidan. Gainera,erasoan, errumaniarren izarretako bat agertzen hasi zen: Irina Glibko.

Bera Berak denbora eman zuen golik sartu gabe, eta, erasoz eraso, etxekoak aldea murriztuz joan ziren, 12-12 berdindu arte. Berriz ia zerotik hasi behar. Alvarezek zerbait aldatu beharra zuen, batez ere erasoan. Emma Boada atera zuen, Arrojeriarekin batera taldea gidatzeko, eta jokoari argitasun taktiko handiagoa emateko. Malena Cavoren gol batek eten zuen donostiarren lehortea erasoan.

Une garrantzitsua izan zen. Bera Berako jokalariek partidan izan zuten lehen txakalaldiari buelta eman zioten. Valceak azken bizpahiru minutuetan galdutako pare bat baloi inozo baliatu zituzten, eta atsedenaldira errenta txukun samar batekin joateko modua izan zuten: 13-16.

Ezinean eta presaka

Bigarren zati hasieran, lehendabizikoan aukerarik izan ez zuten jokalarien alde egin du Alvarezek: Mirene Moreno, Maria O'Mullony eta Ainhoa Etxeberria, besteak beste. Valcea gol batera jarri zen: 16-17. Hortik aurrera, joan-etorrikoa bihurtu zen partida; etxekoak aurretik jarri ziren: 20-19.

Baina, Bera Berak ezin izan zuen partida onbideratu. Defentsan ez zuen lehen zatiko sendotasuna erakutsi, eta horrek ekarri zuen erasoan presaka jokatzea eta ez asmatzea. Zuloa handituz joan ziren etxekoak. Zapi golen errenta ere izan zuten. Azkenean Arrojeriak sartutako gol batek seira murriztu du aldea.

Larunbatean da itzulerako partida. Zail dute sailkatzea, baina balentria handiagoak eginda daude.

Asobal ligan, Bidasoak 28-34 hartu zuen mendean atzo Granollers, eta bigarren postuan sendotu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.