Futbola

Lehen Mailako futbolariek ez dute baztertzen grebara jotzea

Liga profesionalizatzeko prozesua “blokeatuta dagoela” salatu dute, eta ez direla agindu zizkieten pausoak eman.  

ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 16a
17:27
Entzun

Espainiako Lehen Mailako futbolariek ez dute baztertzen grebara jotzea, liga profesionalizatzeko prozesuak “blokeatuta” segitzen badu. Hala iragarri dute gaur. “Ez ditugu errudunak topatu nahi, baizik eta konponbideak nahi ditugu. Izan ere, egoeraren biktima bakarrak gu gara”. Hala salatu dute gaur, AFE futbolarien sindikatuen egoitzan egindako bilera eta gero. Iragan astean futbolariek komunikatu bat atera zuten egoera salatuz; asteburuan, berriz, 30 segundoko etena egin zuten partida guztietan. Hurrengo urratsa litzateke grebarena. “Ez genuke horretaraino iritsi nahi, baina nekatuta gaude zain egoteaz. Hiru hilabete daramatzagu egoera honetan. Liga profesionalizatzeak, aspalditik aldarrikatu eta merezi ditugun eskubideak bermatuko lizkiguke, eta hazten jarraitzea. Behin eta berriz esaten digute egingo dutela, baina ez da hala”.

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak ekainean onartu zuen ligaren profesionalizazioa. Egun hiru ligak dute izendapen hori: Gizonezkoen Lehen eta Bigarren Mailak, eta ACB ligak. Behin lan hitzarmena sinatuta, hurrengo urratsa zen. Profesionalizazio prozesuak abiatua behar zuen: estatutuak idatziz, eta presidente bat eta presidenteorde bat izendatuz. Beste hainbat gauza ere zehaztu behar ziren. Adibidez, telebista eskubideen kudeaketa. Hori da traba nagusietako bat. Izan ere, akordio falta horren erruz, partida gutxi batzuk baino ez dituzte ematen telebistan edo klubetako Youtubeko kanalen bidez. Kirol Kontseiluak kudeaketa plataforma independente baten bidez egitea nahi du. Horrekin batera, erabakitzeke dago klubek zenbat diru jarri behar duten liga horretan sartzeko, eta klub txikienek jasoko lituzketen laguntzak. Horrek guztiak hainbat kluben bideragarritasuna arriskuan jartzen du.

Liga profesionala izatea, beste urrats bat litzateke, eta indartu egingo lituzke lan hitzarmenean jasotzen diren eskubideak. Gainera, txapelketari berari beste estatus bat emango litzaioke. Adibidez, COVID-19a tarteko amaitutzat eman ziren liga guztiak, profesional izendapena zutenak ezik.

Ez dute zehaztu, egitekotan, grebarako deialdia noizko izango zen. Baina AFE sindikatuaren babesa ez ezik, Kluben Elkartearen babesa ere badute futbolariek, hartu ditzaketen neurrien aurrean. Elkarte horretako kide diren kluben artean akordioa izan zen estatutuen inguruan. Hortik kanpo daude Athletic, Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril: “Prest gaude haien planteamenduak ere estatutuetan jasotzeko, baldin eta horrek egoera desblokeatzeko balio badu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.