Palestina

Erresuma Batuak «talde terrorista» izendatuko du Hamas

Priti Patel Barne ministroak jakinarazitako planaren arabera, hamalau urtera arteko kartzelaldiak ezarri ahalko dizkiete Palestinako organizazioaren jarraitzaileei.

Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroa, artxiboko irudi batean. NEIL HALL / EFE
ander perez zala
2021eko azaroaren 19a
13:59
Entzun

Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroak jakinarazi du «pausoak» eman dituela Hamas «talde terrorista» izendatzeko. Patelek «antisemitismoari aurre egiteko» neurri gisa aurkeztu du erabakia, eta, hortaz, hamalau urtera arteko kartzelaldira zigortu ahalko dituzte Palestinako organizazio politiko islamistaren jarraitzaileak.

«Pauso honek indartu egingo du Erresuma Batuan Hamasen bandera astintzen duen edonoren kontrako kasua; juduak segurtasunik gabe sentitzeko ekintza bat da hori», argudiatu du Barne ministroak.

Erresuma Batuak lehendik «talde terroristatzat» jotzen zuen Hamasen milizia, Izz ad-Din al-Qassam Brigadak, baina orain arte ez zuen hori erabaki organizazioari zegokionez; hortaz, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren jarrera bera izango du, datorren astean onartzea espero duten aldaketa egin ostean. Hain justu, Barne ministroak Washingtonen eman du erabakiaren berri, AEBetako Gobernuko goi kargudunekin bildu aurretik.

Patelen jakinarazpenak poza eragin du Israelgo Gobernuan. Naftali Bennett lehen ministroak ere, txio baten bidez, adierazi du «Hamas organizazio terrorista bat» dela: «Haren adar politikoak ahalbidetzen du aktibitate militarra. Terrorista berberak dira; aldea da bestelako jantzi batzuk erabiltzen dituztela».

Hamasen ustetan, berriz, erabakiak frogatzen du Erresuma Batua Israelekin lerratuta dagoela: «Palestinako herriari Balfour Deklarazioagatik eta inperialismo britaniarragatik barkamena eskatu beharrean, okupazio israeldarrarekin lerratzen da».

1987an sortu zuten Palestinako organizazio politiko islamista hori, eta, 2006ko hauteskundeen ostean, Gaza kontrolatzen du. Gainera, Palestinako Kontseilu Legegilean —parlamentuan— gehiengo osoa du, 132 aulkietatik 74 baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.