Levante 0-0 Athletic

Athletic ezinean, azken sailkatuaren zelaian

Partida kaskarra jokatu dute zuri-gorriek, eta 0-0 berdindu dute Levanteren aurka. Beste behin, jokoa sortzeko argitasuna falta izan zaio Marcelino Garcia Toralen taldeari.

ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 19a
23:13
Entzun

Anoetan 1-1 berdindu ostean, Athleticek aukera paregabea zuen aurreko jardunaldian eta honetan sailkapenean gora egiteko, zuloan zeuden bi aurkari baitzituen aurrean. Baina Cadizen aurka galdu egin zuen duela bi aste, eta Levanteren aurka puntu bakarra poltsikoratu ahal izan du, 0-0 berdindu ostean. Zuri-gorriek partida grisa jokatu dute, beste behin kosta egin zaie gol aukerak sortzea, eta erasoan argitasuna izatea. Hala, ezin izan diote irabazi, artean partidarik irabazi gabe dagoen Levanteri.

Bizia izan da neurketa hasiera. Bi taldeak goian hasi dira presioa egiten, eta erasora begira. Lehen aukera garbia Athleticek izan du, Iñigo Martinezek buruz ondo errematatu du Muniaien erdiraketa bat. Gutxigatik joan da baloia kanpora. Gertu izan du baita ere gola Levantek, buruz ere. Kasu honetan Clercena izan da erdiraketa, eta errematea De Frutosena. Baina ez du asmatu hark ere.

Partidak bizitasun apur bat galdu. Athletic itzaltzen joan da. Izan ere, ez Unai Vencedor, ezta Muniain ere ez dira jokoan sartu. Etxekoek ondo zainduta zituzten. Hori kontuan hartuta, zuri-gorriek aurkariaren ateari begira zuten bide bakarra Iñaki Williamsen abiadura izan da. Baina hura ere ez da fin aritu. Levante, berriz, iritsi da Unai Simonen area ingurura, baina argitasunik gabe.

21. minutuan lehen zatiko jokaldi eztabaidagarriena gertatu da. Epailea VARera joan da, korner batean Campañak Yerayri ukalondoarekin jo dion ikusteko. Denbora dezente eman du jokaldia aztertzen. Baina azkenean ez du ezer adierazi. Bide beretik segitu du partidak atsedenaldira arte. Athletic distirarik eta jokoaren ekimenik gabe, eta Levante iritsi nahian, baina ezinean.

Hala, partida hasi bezala ailegatu da atsedenaldira. Ia bigaren zatia hasi eta berehala, Marcelinok Zarraga eta Sancet zelairatu ditu, Raul Garciaren eta Berenguerren ordez, zelai erditik aurrera bizitasun gehiago bilatu nahian. Baina ez du lortu. Alderantziz. Lehen zatian bezala, etxekoak izan dira Unai Simonen atera gehiago gerturatu direnak, gutxienez argitasun gehiagorekin. Gauzek hala segitu dute. Ondoren, Muniainek eta Iñaki Williamsek utzi dute zelai, Nico Williamsen eta Asier Villalibreren ordez. Partida kaskarra egin dute biek. Etxekoak ia aurretik jarri dira, partidako jokaldi onentsuenetako batean. De Frutosek erremate gogorra egin du area ertzetik, baina Unai Simonek ondo atera du ezker eskua. Athleticen Nico Williams zen ausartzen zen bakarra, eta pare bat aldiz arriskuarekin gerturatu da Cardenasen atera. Baina alferrik. Partida grisa eta emaitza halakoa. Zuri-gorriak, gainera, albiste txar batekin bueltatu dira. Izan ere, Villalibrek min hartu du berriz ere. Gaur itzuli da taldera, ez du zorterik izan aurrelariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.