Lan gatazka

Zubietako erraustegiko langileek greba mugagabea egingo dute bihartik

Besteak beste, segurtasun baldintzak bermatzeko eta lanaldiak errespetatzeko eskatzen diote Ekobal enpresari.

Gipuzkoako erraustegia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko azaroaren 22a
16:18
Entzun

Bihartik aurrera, greba mugagabea egingo dute Zubietako (Donostia) Gipuzkoako erraustegiko langileek, ELA sindikatuak gaur iragarri duenez. Prekaritatea salatzen dute langileok, eta segurtasun eta lan baldintzak bermatzeko eskatuko diote enpresari, lanuztearen bitartez.

Azpikontrataturiko Ekobal enpresari osasun eta lan baldintzak «hasieratik» ez bermatzea egotzi dio sindikatuak. Adierazi dutenez, «segurtasun eta osasun neurririk eza etengabea da». Salatu dute lan arriskuen ebaluazioa ez dela egokia.

Bide garbiketaren alorreko lan hitzarmena ezartzen diete langileoi, eta salatu dute hori ez datorrela bat Zubietako plantaren errealitatearekin. Horregatik, hitzarmen espezifikoa negoziatzen hasteko eskatu dute.

Grebara deitu dutenen arabera, hamabi orduko lan txandak ere egiten dituzte, etenik gabe. Horrez gain, aparteko orduak ere egin behar izaten dituzte. Lan egutegia ere egun batetik bestera aldatzen dietela salatu dute.

Adierazi dutenez, enpresak langileak kanporatzen ditu «sistematikoki» eta «inolako justifikaziorik gabe».

Sindikatuaren aburuz, Ekobal enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dute langileen eskaerei erantzuteko ardura.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak plantan ezarri dituen zerbitzu minimoak salatu dituzte: %70 ekoizpen arloan eta %90koak zaborra errez argindarra sortzeko gunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.