Euskarazko hedabideak

Nola islatu osotasuna zatitutako Euskal Herri batean

Euskal hedabideek nazio ikuspegitik ematen duten irudia aztertu dute Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Huheziko irakasleek, Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan liburuan. Ondorioztatu dute lurralde zatiketa agerikoagoa dela datuetan oinarritutako kazetaritzan. «Agenda propioa» garatu beharra azpimarratu dute.

Ainhoa Larrañaga eta Eneko Bidegain Huheziko irakasleak, Ainhoa Larrañaga eta Eneko Bidegain Huheziko irakasleak, gaur goizean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 23a
12:22
Entzun

Euskarazko hedabideek zenbateraino indartzen duten nazio kontzientzia eta zenbateraino islatzen zatiketa administratiboa. Gai horren inguruko ikerketa egin dute Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleek, Martin Ugalde bekaren laguntzaz, eta liburu batera eraman dute emaitza: Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan. Gaur goizean aurkeztu dute, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean.

Izenak izana dakarrela abiapuntutzat hartuta, «gure herriaren izenarekin dugun nahasmena» liburuaren izenburura eraman nahi izan dutela azaldu du Bidegainek: «Ez dakigu zertaz ari garen Euskadiz ari garenean, ezta Euskal Herriaz ari garenean ere». Nahasmen horrek «izanarekin dugun arazoa» islatzen duela uste du ikerlariak.

Arazo hori eguneroko informazio emarian nola islatzen den aztertu dute egileek, eta ondorioztatu «albiste anitzek» ez dutela «Euskal Herria osotasunean islatzen», Bidegainek adierazi duenez. Agenda informatiboa nork markatzen duen, horrek zuzeneko eragina duela azaldu du. Izan ere, «hedabideetatik kanpoko erakunde publikoek eta pribatuek» zehazten dute, haren esanetan. Gainera, jatorrian datuak dituzten albisteetan igoera nabari dela azaldu du, eta ohartarazi du datu horiek sortzen dituzten erakundeak «Euskal Herriaren zatiketa administratiboaren eragile diren erakundeak» direla gehienetan.

Aldiz, Euskal Herriaren irudikapena desberdina da kazetariak lantzen duen gaia ez denean hainbeste oinarritzen iturri horiek emandako informazioan eta «lanketa propio bat dagoenean», Bidegainek adierazi duenez: «Euskal Herriaren ikuspegi nazional orokor hori errespetatzen da, eta betetzen da». Osotasuna zatiketa administratiboari gailentzeko proposatutako aterabidearekin lotu du emaitza hori; hots, «agenda propioa» garatu beharrarekin. Modu horretan «Euskal Herriaren osotasuna zaintzeko aukera handiagoa» dagoela nabarmendu du.

Bestalde, datuen inguruko «gogoeta zorrotz bat» ere proposatu dute egileek. Datuak «begirada kritikotik» lantzeaz aritu da Bidegain: «Itxuraz oso zehatzak dira, baina datuen zehaztasun horren gibelean dago datuak eman dituen erakundeak duen interesa». Halaber, Euskal Herria bere osoan hartzen duten datuen faltak eta, bereziki, Ipar Euskal Herriaren ingurukoenak kazetaria ere «hautu batzuk» hartzera behartzen du, Huheziko irakaslearen esanetan, eta erabakitzera zer «sakrifikatu»: nazio ikuspegia ala datuak. Lehenengoa ez dadin azpiratuta geratu, «datuen kazetaritzaren morrontzatik ateratzea» proposatu du, edo, bestela, «datu horiek izan daitezela kazetariek berek landutakoak».

«Koordinaziorako» deia

Irtenbide gehiago ere proposatu dituzte liburuan. Euskal hedabideen arteko «elkarlana» da horietako bat. Ikuspegi nazionala lantzeko, euskarazko hedabideetan lan egiten duten kazetarien arteko lankidetzarekin «Euskal Herri osoko egoerak islatzen dituzten informazioak» osa litezkeela esan du Bidegainek. Aitortu du horretarako galga dela «euskal hedabideen prekaritatea», zeina «geroz eta handiagoa» den, baina, aldi berean, zehaztu du hedabide horietan «ehunka pertsona» ari direla lanean, eta «gauza interesgarriak» egin litezkeela elkarrekin koordinatuz gero.

Hedabideetan «kontzientzia nazionalaren» transmisioa lantzea ere aipatu du, jakinik hedabideetara doazen kazetari berriek ez dutela hezkuntzaren bidez ikuspegi nazional hori jasotzen. Terminologiari loturiko gida bat ere erantsi diote liburuko edukiari, lurralde eta eremu administratibo bakoitzaren inguruko informazioa ematean lagungarri izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.