ELA-ren XV. Kongresua

ELAk afiliatuen agindua «nahikotasunez» bete duela nabarmendu du Lakuntzak

Erakunde publikoek eta enpresek negoziazio kolektiboa blokeatu duten arren, azken lau urteak emankorrak izan direla uste du. 

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko azaroaren 24a
12:21
Entzun

«Garai intentsu, atipiko eta emankorra izan da», Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak horrela laburbildu ditu sindikatuaren azken lau urte eta erdiak. Pandemiak goitik behar baldintzatu du aurreko batzar orokorretik igarotako denbora, baina ordukoan afiliatuengandik jasotako agindua «nahikotasunez» bete dutela uste du. Tarte horretan, afiliatuen kopurua handitu egin dela nabarmendu du, eta greben zein zerbitzu juridikoen eraginkortasuna goratu du. Era berean, kritiko mintzatu da ezkerreko alderdien inguruan, eta ez ditu ezkutatu LAB sindikatuarekin izandako ezin ikusiak. Nabarmentzekoa izan da hitzaldi osoa euskara hutsean egin duela.

Ostegunean batzorde eragile berriaren osaketa bozkatuko da, eta orduan berretsiko dute Lakuntza bere karguan, baina lehen egunean, atzera begiratu du. «Intentsua erasoei aurre egin behar izan diegulako, atipikoa pandemiarengatik, eta emankorra erronkak bete ditugulako», zehaztu du. Erasoen atalean erakunde publikoen eta patronalaren aldetik jasotakoak nabarmendu ditu: «Gobernuek eta patronalek negoziazio kolektiboa blokeatu egin dute». Erakunde publikoek pandemian izandako jarrera kritikatu du, eta esan du langileen defentsarako neurri bakarrak sindikatuen lanari esker iritsi zirela: «AHTaren lanak funtsezkoak zirela esan zuten orduan; iragan astean, aldiz, bidegorri bat zirela». Patronalaz mintzatzea «sekulako presioa» sartu zuela gaitzetsi du, eta enpresari elkarteak «herri honetako lobby eraginkorrena» direla gehitu.

Egoera horri aurre egitea zaila izan dela nabarmendu du Lakuntzak, eta borroka horretan bi «ezinbesteko erreminta» goratu ditu: greba eta zerbitzu juridikoak. Greba kopuruak gora egin duela azaldu du Lakuntzak, eta lan gatazka asko hari esker irabazi direla. Bizkaiko zahar egoitzetako langileen 368 eguneko grebaldia gogoratu du, besteak beste. Zerbitzu juridikoez hitz egitean, berriz, esan du lantaldea handitu dutela, 65 kidetik 81era, eta haiek gabe ezin dela ulertu prekaritatearen aurkako borroka. Are gehiago, lan erregulazioei aurre egiteko talde berezi bat sortu du sindikatuak.

Hori guztia, baina, ezinekoa litzateke afiliaziorik gabe, eta haiei esker duten «autonomia» goratu du idazkari nagusiak. Haren hitzak berretsi ditu Amaia Muñoa idazkari nagusiordeak, txosten ekonomikoa aletzean: «Ez dugu mailegurik eskatuta, eta ez diogu inori ezer zor. Afiliatuei esker dugu autonomia osoa, haiek dira gure finantziaketa iturria». Azken lau urteetan 100.000 afiliatuen langa gainditu du berriz ELAk, eta ordezkarian %38,85 du Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lakuntzak nabarmendu du Erriberan hazi dela gehien ELA, eta egun ehun ordezkari falta zaizkiola Nafarroan ere ordezkari gehien dituen sindikatua izateko.

Hazkunde hori, hein handi batean, emakumeei esker izan da. Iragarri du pandemiaren ostean lan baldintzak are gehiago kaskartzen saiatuko direla, eta sindikatuak baldintzarik kaskarrenak dituzten langileen alboan egon behar duela. Kolektibo feminizatuak aipatu ditu Lakuntzak, eta sindikatu feminista izateko «konpromiso irmoa» hartu du. Batzorde eragile berria parekidea da, eta egun ELAko afiliatuen %46 emakumeak dira.

Hitz kritiko guztiak, baina, ez dira izan erakunde eta patronalarentzat. Lakuntzak ez ditu ezkutatu azken lau urteetan LABekin izandako talkak. Alde horretatik, bi aipatu ditu: batetik, 2017an subiranotasunari buruzko agiri bateratua idaztean izandakoak: «Interpelazioak ezberdin ulertu genituen, batez ere EH Bilduri egin beharrekoak». Bestetik, Nafarroan izandakoak: «Nafarroan, arazo handiak izan ditugu LABekin sektore publikoko borrokak aktibatzeko. Nafarroan, arazo handiak izan ditugu beste sindikatuekin».

Agurrean, Lakuntzak batzorde eragilea utziko duten kideen lana goratu du, eta aitortza berezia egin dio Mixel Berhokoirigoin zenari. Benetako sindikalista eta pertsona oso berezi bezala deskribatu du: «Ohore bat izan da, Mixel».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.