Reala

Bi partidako zigorra Aritz Elustondori

Valentziako jokalari bati "ostikada bat ematen saiatzeagatik' jarri diote partida bateko zigorra, eta bestea "kanporatua izan ostean baloikada bat jotzeagatik'. Printzipioz ezingo du jokatu Espanyolen eta Real Madrilen kontra. Baina Realak helegitea jarri du.

ainara arratibel gascon
2021eko azaroaren 24a
16:13
Entzun

Bi partidako zigorra jarri diote Aritz Elustondo Realako jokalariari. Hala jakinarazi du Espainiako Federazioko Lehiaketa Batzordeak. Horrenbestez, Beasaingo erdiko atzelariak ezingo du jokatu ez Espanyolen kontra, ezta Real Madrilen aurka ere. Igandean Realaren eta Valentziaren arteko partida epaitu zuen Melero Lopezek aktan jaso zuenez, 76. minutuan, Valentziako jokalari Daniel Wassek bultzakada eman zion Elustondori, eta lurrean zela Realeko jokalaria Wassi ostikada bat ematen ahalegindu zen. Epaileak horia atera zion Valentziako jokalariari, eta gorria Elustondori. Realak helegitea jarri dio erabakiari, eta orain diziplina batzordeak izango du azken hitza.

Lehiaketa Batzordeak partida bateko zigorra jarri dio horregatik, eta bestea kanporatua izan ondoren, aldageletara zihoala, haserrearen eraginez, baloikada bat jo zuelako. Mikel Labaka bigarren entrenatzaileak irten behar izan zuen hura lasaitzera. Jokabide hori kiroltasunaren aurkakoa dela dio epaileak. Partida amaitzean, Elustondok barkamena eskatu zien taldekideei.

Eztabaidagarria izan zen Melero Lopezen lana. Izan ere, aurreko beste jokaldi batean ez zuen Valentziako jokalari Koba Lein kanporatu, baloirik gabeko jokaldi batean Diego Ricori bultzadaka gogor bat eman ostean. Realeko jokalariak bere onetik atera zituen. Valentziak gogor jokatu zuen, eta batez ere lehen zatian, epaileak ia ez zuen faltarik adierazi. Alderantziz. Jokatzen utzi zuen. Bigarrenean, berriz, lau txartel hori eta gorri bat atera zizkion Realari. Gorria Elustondori, eta horia Gorosabeli, Turrientesi eta Gebarari; zazpi, berriz, Valentziari.

Talde txuri-urdina Monakora bidean dago, bihar jokatuko baitu Europa Ligako ligaxkako bosgarren partida (21:00). Multzoko bigarren dago, eta bihar irabaziz gero, eta Stum Grazek PSV mendean hartzen badu, sailkatuta egongo litzateke hurrengo kanporaketarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.