Espainiako aurrekontuak

Hizkuntza koofizialetan eginiko ikus-entzunezkoak sustatzeko funts bat eratuko dute

EH Bilduk, ERCk eta BNGk 10,5 milioi euroko zuzenketa bat adostu dute Espainiako Gobernuarekin.

EH Bilduko, ERCko eta BNGko kideak, gaur goizean, Kongresuan. EH BILDU
Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 25a
11:00
Entzun

«Dibertsitate kultural eta linguistikoa» errespetatzeko asmoz, euskaraz, katalanez eta galegoz eginiko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa eta sustapena bultzatzeko funts bat adostu dute EH Bilduk, ERCk eta BNGk Espainiako Gobernuarekin. Denera, 2022rako aurrekontuetatik 10,5 milioi euro baliatuko dituzte euskaraz, katalanezko eta galegozko lanak babesteko funtsa eratzera, alderdi subiranistek aurkeztutako zuzenketaren arabera.

Alderdiek jakinarazi dute zuzenketaren asmoa dela 2009 eta 2011 urteen artean martxan egon zen funtsa berreskuratzea. Ikus-entzunezko horien sustapenera bideratutako diru laguntzak eta kredituak bideratzeko moduaren berri ere jaso dute zuzenketan: hizkuntza koofizialak dituzten autonomia erkidegoetako erakundeekin eginiko hitzarmenen bidez jarriko lirateke martxan.

Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuaren inguruko eztabaidaren harira, EH Bilduk eta ERCk indar egin dute arlo horretan. Alderdi katalanaren kasuan, aurrekontu proiektuaren babesa Madril prestatzen ari den ikus-entzunezkoen legearen tramitazioarekin lotu du. Asteartean, EH Bildurekin eginiko agerraldi bateratu batean, ERCko eledun Gabriel Rufianek jakinarazi zuen lehen adostasun bat finkatu zutela bi aldeek: streaming plataformetako edukien %6k gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz egon beharko dute. «Ehun filmetatik 30ek Europan ekoitziak izan beharko dute; horietatik, erdiak, Estatuko hizkuntzan (gazteleraz); horietatik %40, katalanez, euskaraz edo galegoz. Hau da, Europako pelikulen %20k gutxienez katalanez, euskaraz edo galegoz eskuragarri egon beharko dute. Eskaintzen den edukia hizkuntza koofizial batean eskuragarri badago, itzulita edo azpidatzita, eskaintzan gehitu beharko da derrigorrez», zehaztu zuen. Ez da, baina, hizkuntza bakoitzari eman beharreko espazioaren inguruko xehetasunik eman, eta, katalana izanik hiztun gehien dituena, ikusteko dago zer eragin izango duen lege berriak Hego Euskal Herrian.

Ikus-entzunezkoak alboratu gabe, EH Bilduk astelehenean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuarekin adostu zuela 2022a amaitu baino lehen ETB3 Nafarroa osoan emititzea, aurrekontuak onartzeko baldintza gisa. «Emisio hori ahalbidetuko duten beharrezko irtenbide teknikoak bilatzea eta aplikatzea adostu dugu bi aldeek», jakinarazi zuen koalizioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.