EH Bilduk aldeko botoa emango die Espainiako 2022ko aurrekontuei

Azken asteetan «aurrerapenak» egin dituzte. ETB3 Nafarroa osoan ematea adostu dute

Mertxe Aizpurua eta Arnaldo Otegi, atzo goizean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak atzo jakinarazi zuen EH Bilduk babesa emango diela Espainiako 2022ko aurrekontuei. Mahai Politikoak goizean egin zuen bileraren ostean, agerraldia egin zuten Otegik berak eta Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko eledunak, eta bertan eman zuen Otegik erabakiaren berri. Negoziazioetan «azken aste hauetan aurrerapenak» izan direla adierazi zuen, eta, horrenbestez, baiezko botoa emango dutela «tokatzen den momentuan». Halaber, eskertu egin zien ERCri eta Unidas Podemosi «negoziazio esparruan» egindako ahalegina.

«Euskal gehiengo sozialak babestutako eskakizunei» erantzungo dieten hiru konpromiso hitzartu dituztela nabarmendu du Aizpuruak: pandemiaren ondorioz martxan jarritako hainbat neurri sozial modu iraunkorrean ezartzea adostu dute, amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa onartu, eta ETB3 2022a amaitu baino lehen Nafarroa osoan emititzea hitzartu.

Lehenengoari dagokionez, «alternatibarik» ez duten herritarren etxegabetzeak etetea eta «egoera zaurgarrietan alokairu errentaren ordainketa aldi baterako atzeratzea» jaso dute akordioan. Neurri horiek «iraunkorrak» izateko mekanismoak ezartzeko asmoa dagoela azaldu du Aizpuruak, eta, hala egin bitartean, «Espainiako Gobernuak aldi baterako irtenbide bat» emango duela. «Garrantzi handiko lorpen soziala» dela nabarmendu du diputatuak.

Bestalde, iragan astean jakin zen Madrilek amiantoaren biktimentzako 25 milioi euroko funtsa sortzea onartu duela, EH Bilduk egindako zuzenketa baten ondotik. Funts hori sortzeko legearen tramitazioa «desblokeatzea» hitzartu dutela adierazi du Aizpuruak, eta, hala, funts hori «aste batzuk barru» erabilgarri egongo dela.

Azkenik, ETB3 telebista katea Nafarroa osora zabalduko da hurrengo urtea amaitu baino lehen, Aizpuruak jakinarazi duenez: «Emisio hori ahalbidetuko duten beharrezko irtenbide teknikoak bilatzea eta aplikatzea adostu dugu bi aldeek». Horri esker, Nafarroako haurrek aukera izango dute «euskarazko edukiekin hazi, gozatu eta ikasteko».

Protestan, 40.000tik gora

Otegik, gainera, azaldu du zer balorazio egin duen Mahai Politikoak larunbatean EH Bilduk Bilbon egindako manifestazioaren inguruan. Jakinarazi du 40.000 lagun baino gehiago bildu zirela protestan, herritarrek «oso ongi» erantzun ziotela deialdiari, eta eskerrak eman dizkie. Larunbatekoa «indar herritar baten erakustaldia» izan zen, Otegiren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.