Argindarra

Ehun euroren laguntza bat banatuko du Frantziako Gobernuak, energia garestia konpentsatzeko

Hilean bi mila eurotik beherako diru sarrerak dituztenek jasoko dute. Abenduan eskuratuko dute soldatapekoek, eta 2022 hasieran besteek. Hego Euskal Herrian, bonu sozialeko laguntzak handitu ditu Madrilek, eta konpainien irabaziak murriztuko.

Argindar kontsumoaren kontagailu bat. J.J. GUILLéN / EFE
Iker Aranburu- Jokin Sagarzazu
2021eko azaroaren 25a
12:28
Entzun

Euskal Herriko etxebizitza askotan lasaitua hartuko dute negu honetan, argindarraren eta gasaren prezioen igoera leuntzeko asmoz Frantziako eta Espainiako gobernuek hartu dituzten neurriengatik. Ipar Euskal Herrian, ehun euroren laguntza bat jasoko dute, hilean 2.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten herritar guztiek. Hego Euskal Herrian, laguntza handiagoak jasoko dituzte energiarako bonu soziala eskatua dutenek: 69.000 pertsona inguruk.

Parisko gobernuak urriarenamaieran aipatu zuen laguntza hori emateko aukera, eta asteazken gauean onartuzuen Frantziako Asanbleak, aldeko 39 botorekin eta aurkako hamabirekin. «Neurri sinplea, bizkorra eta eraginkorra da», defendatu zuen Agnes Pannier-Runacher Ekonomia ministrordeak. «Inflazioaren kalte ordaina» izena jaso du laguntzak.

Ezkerreko eta eskuineko oposizioak kritikatu du laguntza norbanakoen diru sarreren araberakoa izatea, eta ez familiarena. Adibide batekin azaldu dute «injustizia»: 2.050 euroko soldata duen pertsona batek ez du laguntza jasoko seme-alabak bai baina bikotekiderik ez badu, baina 1.900 eurokoa duen batek bai jasoko du, bikotekideak soldata izanda ere.

Ezkerreko eta eskuineko oposizioak, berriz, kritikatu zuten norbanakoen diru sarreren araberakoa izatea, eta ez familiaren araberakoa. Adibide batekin azaldu zuten «injustizia»: 2.050 euroko soldata duen pertsona batek ez du eurorik jasoko seme-alabak bai baina bikotekiderik ez badu, baina 1.900 euroren saria duen batek jaso ahalko du, bikotekideak soldata handiagoa badu ere.

Ez dago argi hori nola egingo den mugaz gaindi lan egiten dutenen kasuan; adibidez, Ipar Euskal Herrian bizi baina Hegoaldean lan egiten dutenen kasuan. Langile autonomoek, erretiratuek, langabeek eta gizarte laguntzak jasotzen dituztenek, berriz, 2022. urtearen hasieran eskuratuko dute laguntza.

Hegoaldean, bonu sozialak

Hego Euskal Herrian eragina izango duten laguntzak onartu ditu ostegun honetan Espainiako Kongresuak. Bonu soziala dutenen artean, orain arte %25eko deskontua zutenek %60koa izango dute martxora arte, eta gainerakoek %70ekoa. Horrekin batera, gasa ordaintzeko 35 eta 124 euro arteko txeke bat jasoko dute, urtero legez —25 eurotik 35era igo dute gutxienekoa—. Horrez gain, fakturak ordaintzen ez dituztenei ezingo zaie argi edota gas loturak moztu, martxora arte.

Laguntza horiekin batera, beste neurri batzuk ere babestu ditu Kongresuak, tartean, argindar konpainien etekinei eragingo dien bat. Gobernuari eman beharko diote gasa eta CO2a isurtzen ez duten teknologien bidez ekoitzitako argindarraren prezioaren gainbalioaren parte bat —zerutik eroritako mozkinak ere deiturikoak—. Baina ez guztia, eta martxora arte soilik. Diru horrekin bonu sozialetarako eta berriztagarrietarako funtsak hornituko ditu gobernuak.

Bigarrenean egin du aurrera neurriak. Irailaren 16an helburu bera zuen dekretu bat onartu zuen Kongresuak, baina, konpainia handien kritiken eraginez, neurria aldatu du gobernuak. Kontratu guztietan ezarri nahi zuen penalizazioa; orain, libre geratuko dira epe luzeko kontratuetako mozkinen parte bat itzultzetik. Hala, hasierako dekretuan aurreikusi baino nabarmen txikiagoa izango da itzuli beharrekoa, epe luzeko kontratuak dituztelako hiru kontsumitzailetik bik eta enpresa gehien-gehienak.

Legeak, dena den, gobernuari ahalbidetzen dio horietatik ere dirua jasotzeko. Hain zuzen ere, merkatuaren aldaketei loturiko zati bat dago horietan, eta horren gainean modu proportzionatuan ezarriko dizkie murrizketak konpainiei. Dena den, penalizazioak irailaren 16az geroztiko kontratuetan baino ez dira ezarriko, eta aldi baterako izango da, martxora arte.

Horrekin Madrilek «arrazoizko prezioak» dituzten prezio finkoko epe luzeko kontratuak bultzatu nahi ditu, fakturak merkatuaren aldakortasunaren mende egon ez daitezen. Baina zer dira arrazoizko prezioak? Horretarako, kontratuei buruzko kontrol handiagoak ezarriko ditu, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren bidez. Besteak beste, konpainiek bezeroei aldez aurretik, hilabeteko epearekin gutxienez, jakinarazi beharko diete epe luzeko kontratuetan egindako edozein aldaketa —orain arte ez zeuden behartuta—; merkaturatzen dituzten kontratu mota guztiei buruzko informazio garden eta berritua eman beharko diote CNMCri; eta erakunde horrek handizkako merkatuko prezioak gainbegiratzeko gaitasun handiagoa izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.