Eguberriak

Noiz piztuko dituzte Eguberrietako argiak Euskal Herrian? Eta noiz pizten ziren duela hamar urte?

Gaur piztuko dituzte argiak hiriburu askotan. Batzuek uste dute gero eta lehenago pizten dituztela, herritarrei kontsumitzera animatzeko. Eguberrien aitzakian Euskal Herrian antolatu duten programazioari buruzko artikulu bat argitaratuko du BERRIAk bihar.

Bilboko irudi bat, 2019an. LUIS TEJIDO
Nagore Arin.
2021eko azaroaren 26a
13:18
Entzun

Gero eta gertuago sumatzen dira Eguberriak: saltokietako korridoreetako turroiak, hiriburuetako hainbat kaletako gaztaina usaina, jostailu dendetako erakusleihoetako kolore deigarriak, eta, ohi bezala, Eguberrietako argiak. Euskal Herriko hiriburu eta herri gehienetan, azken egunotan piztu edo piztuko dituzte argiak: batzuek piztuak dituzte dagoeneko –Bilbon, adibidez–, eta beste batzuek gaur bertan piztuko dituzte, ostiralarekin –Donostian, Gasteizen eta Iruñean, esaterako–. Badira, halaber, Eguberrietako argiak hurrengo astean piztuko dituzten hiri eta herriak ere –horien artean, Baiona–.

Bistan denez, gaur piztuko dituzte argiak Euskal Herriko hiriburu gehienetan, azaroaren 26an. Normalean, hil honetako azken ostiralean piztu ohi dituzte askok Eguberrietako argiak, baina data hori aldatuz joan ohi da urtez urte. Batzuek esan dezakete, gainera, data hori gero eta lehenago jartzen dela; izan ere, batzuek irudipena dute lehen beranduago ez ote zituzten pizten Eguberrietako argiak. Eta ez dabiltza oso oker.

Duela hamar urte, adibidez, abenduaren 2an piztu zituzten argiak Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Aurten, azaroaren 24an piztu dituzte Bilbon, eta Donostian eta Gasteizen, berriz, gaur bertan piztuko dituzte. Iruñearen kasuan, azaroaren 29an piztu zituzten duela hamar urte, eta aurten gaur piztuko dituzte, azaroaren 26an. Baionaren kasuan, aldiz, aldaketa ez da hain nabarmena: 2011. urtean abenduaren 1ean piztu zituzten argiak, eta, aurten, ostera, abenduaren 3an piztuko dituzte, datorren ostiralean.

Ikusi gehiago. Onintza Enbeita: Argiak

Egun gutxiko tartea badago ere, nabarmena da urteak pasatu ahala lehentxeago pizten dituztela Eguberrietako argiak, eta, zenbaiten ustez, hori lotuta egon daiteke black friday eta Eguberrietako salmenten kanpainarekin. Salgaiak merketzeko eta kontsumo azkarra sustatzeko helburuz sortutako ostiral berezi bat da black friday –euskaraz, ostiral beltza–, eta Eguberrietako salmentetan eragiteko asmoz asmatu zuten AEBetan. Horregatik, argiak data horren paretsu piztuta, Eguberrietako salmenten testuinguru hori girotzeko asmo bat dagoela uste du jendeak, eta, hartara, herritarrei kontsumitzera eta erosketa horiek egiten hastera animatzeko.

Argiez gain, Eguberrietan egin ohi diren beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte Euskal Herriko zenbait tokitan, eta horien guztien berri emango du BERRIAk bihar argitaratuko duen artikulu batean. Batez ere hiriburuetako programazioaren berri emango du erreportaje horretan. Besteak beste, azoka artisauak, merkatuak, noria erraldoiak eta izotz pista handiak egongo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.