ALAVES 1-2 CELTA

Elurpean gelditu da Alavesen bolada ona

Arabako taldeak galdu egin du Celtaren kontra, Mendizorrotzan, eguraldi petralak baldintzatu duen partida orekatu batean. 

Alaveseko jokalariak, burumakur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
enaut agirrebengoa
2021eko azaroaren 27a
17:49
Entzun

Bost neurketa zeramatzan Alavesek galdu gabe, baina esku hutsik gelditu da gaur, Celtaren kontra. Elurra gogotik egin du, eta galiziarrek urrea aurkitu dute Mendizorrotzako zelai zurituan: Martinek eginiko penaltia baliatu, eta hiru punturekin irten dira Gasteiztik. Norgehiagoka orekatu eta bizia izan da, eta Alavesek azkar batean erantzun dio galiziarrek emandako lehen kolpeari, lehen zatian. Alabaina, izoztuta utzi du kanpokoen bigarren golak, eta errealitatera itzularazi, azken asteetan izandako aparraldiaren ondoren.

Callejarenek goiari eusteko itxaropena zuten, eta indarrez ekin diote norgehiagokari. Bere egin dute ekimena, eta jokoa lantzeko borondatea erakutsi. Haiena izan da lehen gerturaketa aipagarria, eskuin hegaletik triangulazio fina eginda. Ginga jartzea besterik ez zaie falta izan; Diturok gelditu egin du Ponsen errematea. Alavesen hasiera ona ezerezean gelditu da 11. minutuan, Santi Minak 0-1ekoa egin eta gero, zoria lagun. Celtako aurrelariaren jaurtiketak Lejeuneren hankan jo du, eta hala, Pacheco ezustean harrapatu. Laguardia gola eragozten saiatu da, baina baloia marra igaroa zen atzelariak urrundu duenean.

Golak ez dio onik egin Alavesi, baina ez du erreakzio handi baten beharrik izan berdinketa berrezartzeko. 21. minutuan orekatu du partida, Joseluren eskutik: ia eskuetatik kendu dio baloia Diturori, lasaiegi ibili baita. Falta eske hasi da atezaina, baina ez dute halakorik ikusi ez epaileak, ezta bide epaile laguntzaileak ere. Neurketa ez ezik, Javi Morenoren marka historikoa ere berdindu du Joseluk, Alavesekin Lehen Mailan 29. gola sartuta.

Baloiaren jabetza, oro har, Celtarena izan da. Galiziarrak Alavesen zelaian paratu dira, zirrikituak noiz aurkituko zain. Aspasek deabrukeriak egin ditu areatik urrun, batean eta bestean agertuz, eta atsedenaren atarian erdiraketa bikaina bidali dio Minari; aldiz, errematea ez da horren zehatza izan. Pacheco eta Laguardiaren arteko nahasmena izan da beste une kritikoa Alavesentzat, atzelariak atezainari pase okerra eman dionean. Bestelakoan, arabarrek ondo eutsi diote ordena defentsiboari, eta kontraerasora bizi ateratzen saiatu dira. Oso irekita zegoen partida.

Atsedenaren ondoren iritsi dira Alavesen minuturik onenak. Piztu egin du hegaleko jokoa, eta erdiraketa ugari bidali Celtaren areara. Horietako bat bere atean sartzear izan da Araujo, eta, segidan, Lejeuneren burukada oso gutxigatik joan da kanpora. Beste korner batean, Loumi zutoinera joan zaio baloia. Elurra mara-mara, eta aukerak barra-barra. Erauntsiaren aurrean, aldaketak egiten hasi da Eduardo Coudet, Celtako entrenatzailea. Kateak jarri ditu gurpiletan, eta hortik aurrera, galiziarrak nagusitzen hasi dira. 70. minutuan jaso dute saria, Martinek erdiraketa bat eskuarekin moztu, eta Aspasek penaltia baliatu eta gero; ez lehendabizikoan, baina bai aldaratzean.

Golaren ostean egin du lehen aldaketa Callejak; ordurako, lau zituen eginak Coudetek. Berandu egin zaio Alaveseko entrenatzaileari, eta korrika eta presaka aritu da azken minutuetan. Zelai erdia birmoldatu eta aurrelari guztiak zelaian ipini ditu azkenerako, baina gasteiztarrek ez dute aurkitu golerako bidea. Gogotik saiatu dira azken txanpan, eta bi aukera on izan dituzte. Bata, Guidettiren oinetan: suediarrak izkin egin dio Tapiari area txikiaren ertzean, baina geldoegi ibili da errematean. Joselu trebeagoa izan da areaz kanpotik, baina Diturok zapuztu egin du Alavesen azken ahalegina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.