Espanyol 1-0 Reala

Amaitu da ligako bolada ona ere

Neurketa irabazteko adina gol aukera izan dituzte txuri-urdinek, baina, azkenean, Espanyolek asmatu du. Haserrea eragin du epaileak Isaki baliogabetu dion golak.

Realeko jokalariak Mateu Lahoz epaileari kexuka, gaur, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 28a
18:39
Entzun

Ostegunean amaitu zen Realaren bolada ona: hamazazpi neurketa jarraian zeramatzan galdu gabe, baina Monakon amaitu zen hori, Europa ligan. Espainiako Ligan, berriz, lehen jardunalditik neurketarik galdu gabeak ziren donostiarrak. Ordukoan 4-2 galdu zuten Camp Noun, Bartzelonaren aurka, eta, gaur, Bartzelonako beste estadioa izan da Realaren porrotaren eszenatokia: Espanyolen RCDE Stadium.

Ez dira etxekoak baino gutxiago izan bisitariak. Lehen zatia berdindua izan da. Bi taldeek izan dute gola gertu: baloi bana bota dute zutoinera. Isakek Realarena, eta Puadok Espanyolena. Bi atezainek ere izan dituzte distira uneak, eta geldiketa bikain bana eginda itzuli dira aldagelara Diego Lopez eta gaur atepera itzuli den Alex Remiro (Ryanek jokatu zuen Monakon).

Bigarren zatian beste modu batean zelairatu da Reala. Lehen ordu erdian, bereziki, izugarri estutu du Espanyol. Aukerarik nabarmenena, Januzajen erdiraketa jaurtiketa bat, baina langan jo du.

Mateuren kontuak

63. minutuan izan da hori, eta 66.ean sartu du Isakek Realaren gola. Jokaldi arraroa izan da: Realak zuen baloia, Mateu Lahoz epailea jo du, hark jokaldiarekin jarraitzeko agindu du, Isakek gola sartu du, eta orduan baliogabetu du epaileak gola. Adituek eztabaidatuko dute gola legezkoa zen edo ez, baina, ezbairik gabe, gaizki ibili da epailea.

Hortik aurrera, zertxobait makaldu da Reala, eta 77. minutuan saria heldu zaio Espanyoli: Yangel Herrerari aldaratze bat iritsi zaio area ertzean, gogor jo du baloia, Ricok ukitu du, eta Remirok ezin izan du ezer egin.

Halaxe amaitu da neurketa. Nahi eta ezin Realak. Momentuz sailkapeneko bigarren postuan daude oraindik gipuzkoarrak, baina egoerari buelta eman beharko diote ohorezko postuei eutsi nahi badiete.

Espanyol: Diego Lopez; Vidal (Miguelon, 78'), Sergi Gomez, Cabrera, Pedrosa; Yangel Herrera, Bare (Morlanes, 58'), Darder; Embarba (Melamed, 58'), Puado (Wu Lei, 78') eta RDT (Loren, 89').

Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Gebara (Navarro, 81'), Oiartzabal; Januzaj, Portu (Barrenetxea, 60') eta Sorloth (Isak, 60').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.