KPI-A

Patronala estutzen ari da, inflazio osoa ez dadin soldata igoeran jaso

Sindikatuek garbi adierazi dute KPIaren arabera igo behar direla soldatak. Aurtengo inflazioa datozen bi urteetan jasotzea nahi du Adegik.

Antonio Garamendi CEOEko presidentea. JAVIER LIZON / EFE
xabier martin
2021eko azaroaren 29a
16:54
Entzun

Espainiako inflazioaren datu aurreratuak (%5,6) berretsi du parez pare zabaltzen ari dela soldaten eta erosteko ahalmenaren gatazka orokor posible bat. Soldatak berritzeko ordua iritsiko da urte berriarekin batera, eta, beraz, %5etik gorakoa izan beharko luke KPIari lotutako lan hitzarmenak dituzten soldatapekoen igoerak, baina ematen du patronalak beste plan batzuk dituela. Esaterako, Gipuzkoako Adegik eskatu du 2021eko inflazio handiaren eragina bi urtean banatzeko, edota, bestela, urteko batez besteko inflazioa aplikatzeko —hau da, urte arteko %5etik gorakoaren ordez, %2,5 ingurukoa ezartzeko—. Horrela, soldatei erosteko ahalmena jaitsaraziko lieketen soluzioak proposatzen ari direnekin bat egin du Gipuzkoako patronalak, Espainiako Bankuarekin, CEOE patronalarekin eta beste lobby batzuekin.

Esan beharrik ez dago: lan itunetan adostutakoa bete behar da soldata igoeren esparruan, enpresa bateko alde sozialak eta zuzendaritzak beste soluzio bat adosten ez badute, adibidez, enpresaren bideragarritasunaren mesedetan. Ezin da ahaztu aurtengo soldata igoera orokorra inoizko handienetakoa izango dela, %5etik gorakoa, Euskal Herrian KPI kontsumo prezioen indizea delako igoerak finkatzen dituen erreferentzia nagusia. Testuinguru horretan, garrantzitsua izango da lan erreforma berriak negoziazio kolektiboari buruz jasoko duena, egungo araudiak ituna betetzeari uzteko pribilegioa ematen baitio enpresari. Orain arte, enpresek gutxitan heldu diote aukera horri, baina alde handia izango da orain soldata igoera handiei izkin egiteko tresna hori edukitzea ala ez edukitzea.

Hitzartuta dagoena bete

2020. urteak KPI negatiboan bukatu zuen, eta soldata igoeren esparruan zero gisa hartu zen erakuslea, epaitegiek horrela egin behar zela ebatzi ondoren. Enpresa askotan, beraz, ez zen igoerarik egin, KPIa zero gisa hartu zelako. 2021ean, berriz, %5etik gorako igoerak egin beharko lirateke enpresa askotan, baina CEOEko presidente Antonio Garamendik «zuhurtzia» eskatu du igoerak egin aurretik, «enplegu gehiago egoteko modurik onena» zein den aztertu behar delako. Espainiako Bankuko gobernadore Pablo Hernandez de Cosek eta EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteorde Luis de Guindosek ere soldatak inflazioaren azpitik igotzeko eskatu dute azken orduetan, eta langileek erosteko ahalmena galtzeko kanpaina hauspotu.

«Hitzartuta dagoena errespetatuko den ala ez, hori da kontua. Euskal Herrian KPIa da erreferentzia historikoa. Ez dugu onartuko sinatuta dagoena errespetatzea ez den beste ezer. Soldatak ez dira arazoa, soluzioa baizik». ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak oso argi helarazi dio egunkari honi Euskal Herriko sindikatu nagusiaren posizioa: lan itunak betetzeko daude. ELAk gogoratu du aurten jada langileak galtzen ari direla erosteko ahalmena, eta «lehentasunezkoa» dela galera horri etena jartzea.

LAB sindikatuak ere oso garbi nabarmendu du KPIa dela erreferentzia, eta lan itun berriak egiteko negoziazioetan ere hura izango dutela eskaera.

Espainian, CCOO eta UGT sindikatuek, halaber, esan dute «soldatek ez dituztela prezioak igoarazten», eta soldata igoerak ez duela «gurpil zoro bat» eragingo inflazioan. Unai Sordo eta Pepe Alvarez sindikatu horien idazkari nagusiek igoerak eskatu dituzte, baina zehaztu gabe KPI osoa eskatuko ote duten. Espainiako Lan ministro Yolanda Diezek parte hartu duen ekitaldi batean erreparatu diote inflazioari sindikatuek, eta ministroak berak esan du koiunturala dela KPI handia, baina «soldaten kalitateari buruzko eztabaida» martxan jartzeko beharra dagoela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.