Garraioa

Hiruk ohartarazi du «gero eta larriagoa» dela garraiolarien egoera

Kamioilari autonomoen sindikatuak azaldu du haien tarifak berberak direla oraindik, bidesariak ugaritu eta gasolioaren prezioa igo arren. Protesta egin dute Bidegiren egoitzan; azken lau urteetan N-1 eta AP-15 errepideetan kobratutakoa itzultzeko eskatu dute.  

Kamioilari batzuk, astelehen honetan, Lasarte-Oriako atseden lekutik irteten. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 29a
17:18
Entzun

Mobilizazio kanpaina betean daude Euskal Herriko kamioilariak, protesta eta lanuzteekin. Haiek ere nabaritzen ari dira energien garestitzearen ondorioak, gasolioarena zehazki, eta horrekin batera errepide nagusietan bidesariak jartzeko joera gero eta zabalduagoarenak. Horri gehitu behar zaizkio sektorearen aspaldiko arazoak eta, bereziki, lan baldintzen okertzea. Haien egoera «gero eta larriagoa» dela salatzeko, kamioi martxa bat egin dute astelehen honetan, Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak deituta, Gipuzkoan.

N-1eko Lasarte-Oriako atseden lekutik Aritzetaraino joan ziren, Bidegiren egoitzaraino, asmo jakin batekin. Lurraldeko kamioilariak aspalditik ari dira kexuan N-1ean, AP-15 Leitzarango autobidean eta A-636 Beasain-Bergara autobidean jarritako bidesariengatik. Aurreneko bi errepideetakoak kamioiek soilik ordaindu dituzte azkenengo lau urteetan, baina diputazioak bidesari horiek eten zituen urrian, auzitegiek behartuta; 2023an neurria berrezartzeko asmoa du.

Hori iritsi bitartean, kamioilariek uste dute orain arte kobratutakoa itzuli behar dietela. Astelehen honetan Bidegiren egoitzara joandakoek horixe bera eskatu zuten. Aldundiak, hala ere, esana du soilik epaitegitik datozen eskaerak hartuko dituela aintzat. Hirurentzat, «arduragabekeria» da hori, uste baitu diputazioak modu automatikoan egin dezakeela hori, garraiolariak auzitara jotzera behartu gabe.

Administrazioari eta patronalari kritika

Protesta zehatz horretaz harago, Euskal Herriko kamioilariek kezkaz begiratzen diote bidesariak ugaritzeko joerari. Gipuzkoan bezala, Nafarroan eta Bizkaian ere aurki hasiko dira kobratzen errepide batzuetan, eta Araban aztertzen ari dira non jarri. Administrazioentzat ezinbestekoa da neurria, mantentze lanak ordaintzeko, baina kamioilariek uste dute bideak konpontzeko dirua biltzea ezin dela haien bizkar jarri, eta zergekin ordaindu behar direla.

Hiruk azpimarratu du bidesariena sektoreko langileei emandako beste kolpe bat dela, «administrazioaren utzikeriarekin, laguntzarik ezarekin eta zerga presioa areagotzearekin batera». Patronalen jarrera ere salatu du, sektoreko enpresek kargatzaileei ordaintzen dietena ez delako igo garraiolariaren gastuen igoeraren neurri berean.

Hain justu, patronalek ere antolatu dituzte protestak: lanuzte batera deitu dute Gabonen atarirako, abenduaren 19tik 22rako, baina horretan ez du parte hartuko Hiruk. Argudiatu du patronalak kamioilarien arazo ekonomiko askoren erantzule direla. Horren ordez, mobilizazio egutegi propioa antolatu du Hiruk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.