Osasuna 1-1 Elx

Talde apalaren aurka ere, ezinean

Osasunak 1-1 berdindu du Elxen aurka Sadarren, ligako hamabosgarren jardunaldiko azken neurketan. Gorritxoak deseroso aritu dira, eta ate aurrean izan dituzten aukeretan, kamuts. Jagoba Arrasateren taldeak jokoan egon diren azken hemezortzi puntutatik soilik hiru bildu ditu.

jarraia206617.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 29a
23:51
Entzun

Sevilla, Reala eta Atletico Madril talde indartsuen aurka galdu eta gero, Osasunak Elxen aurkako partida baliatu nahi zuen garaipenaren bidera itzultzeko, Sadarren. Bada, gorritxoek aukerak sortu, sortu dituzte, baina ez diete behar adinako etekina atera neurketa irabazteko. 1-1 berdindu dute, eta gisa horretara, Jagoba Arrasateren taldeak sei partida daramatza irabazi gabe.

Berriatuko entrenatzaileak Lucas Torroren hutsunea zuela eta, Oier kapitaina jarri du euskarri lanetan. Hasi, behintzat, erritmo handiarekin hasi du Osasunak norgehiagoka, Elxen atera hurbiltzeko gosez. Baita hurbildu ere. Partidari ekin zaionetik bost minutu ere bete ez direnean, Budimirrek aukera paregabea izan du; ezkerrez lehor-lehor eman dio baloiari, baina zutoinean jo du. Ondorengoko jokaldian jaso du saria Osasunak; area txikian, Fidel Elxeko aurrelariak besoarekin Nacho Vidal lurrera bota du nabarmen, eta Isidro Diaz de Mera epaileak zalantzarik ez du izan penaltia adierazteko. Budimirrek ez du barkatu 11 metrotatik. Zoramena Sadarren. Denboraldiko lehen gola du kroaziarrak.

Gorritxoei, baina, pozak gutxi iraun die; 18. minutuan, Elxek kornerra izan du alde, eta Fidelek buruz orraztu, eta Sergio Herrera atezaina ezustean harrapatu du. Jokalari espainiarrak odolkiak ordainetan eman dizkie nafarrei. Osasunak geldikako jokaldietan duen ahultasuna berretsi du, Arrasateren etsipenerako.

Hortik aurrera, Herrialde Katalanetako taldea hauspotu eta indartu egin den heinean, Osasunak atzerapausoa eman du, nahiz eta, aldian-aldian, bisitarien areara heltzen ziren. Kike Barjak buruz buruko jokaldi bat egin ostean, sukalderaino sartu da, baina Elxeko jokalariek harresi sendoa zuten atzean eraikia. Atsedenaldira heldu aurretik, Herrera Osasunako atezainak erantzun bikaina eman dion Lucas Perezek egindako jaurtiketa pozoitsuari.

Bigarren zatian, kataluniarrak zentratuago irten dira berdegunera. Baloiaren jabetza eurek izan dute, eta Osasunako jokalariek ezin zuten demaren jabe egin. Are, gorritxoei bigarren gola sartu diete ia-ia; izan ere, Lucas Boyek bidalitako baloiak zutoina jo du. Arrasaterenak atzean sartu dira, eta bisitarien erauntsiak ez zuen etenik. Herrerak, beste behin, marra zuriaren gainean gelditu du.

Egoera gozakaitz horretan, Arrasatek aldaketen beharra sumatu du hamaikakoan; Roberto Torrek eta Chimy Avila zelairatu ditu, azken metroetan eraginkortasunez aritzeko eta ataka estutik ateratzeko xedez. Dena den, Osasunak ezin zuen arrisku handirik sortu Elxen zelaian, harik eta, arauzko denbora beteta zegoela, Kike Garciari area txikian baloia oinetara heldu zaion arte. Aurrelariak, ordea, ez du atea zulatzea lortu. Amaieran, 1-1. Puntu garratza Osasunarentzat. Jokoan egon diren azken hemezortzi puntutatik soilik hiru bildu ditu, eta hamargarren postuan da sailkapenean. Ostegunean, Espainiako Kopako lehen kanporaketa jokatuko du San Agustinen aurka (19:00), Madrilen.

Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Cote; Kike Barja (Roberto Torres, 79 min), Moncayola, Oier (Darko, 63 min), Ruben Garcia (Manu Sanchez, 87 min); Kike Garcia eta Budimir (Chimy Avila, 79 min).

Elx: Edgar; Palacios (Barragan, 85 min), Enzo Roco, Diego Glez., Mojica; Mascarell, Marcone (Dumbau, 60 min), Fidel (Josan, 60 min); Tete Morente, Lucas Perez (Guti, 85 min) eta Lucas Boye.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.