Lan gatazkak

Ia erabateko erantzuna izan du Bizkaiko arrain kontserbetako grebak

Soldata eta lan baldintza «duinak» eskatzen ari dira, baina salatu dute patronalak blokeatu egin dituela lan hitzarmena berritzeko negoziazioak. Mila langile inguru ditu sektoreak, gehien-gehienak emakumeak.

Astearte honetan Ondarroan eginiko manifestazioa. CCOO
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 30a
12:06
Entzun

ELA eta CCOO sindikatuek jakinarazi dutenez, «ia erabateko erantzuna» izan du Bizkaiko arrain kontserben sektorean gaurko deitutako grebak. Horrekin batera, manifestazioak egin dituzte Ondarroako eta Bermeoko kaleetan. Ia mila behargin ari dira bereziki Ondarroa, Bermeo eta Markinan kokatuta dauden lantegietan. Patronalak lan itunaren negoziazioa blokeatuta daukala salatzeko mobilizatu dira.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deitu dute gaurko mobilizazioetara. Langileak «soldata duinak» eskatzen ari dira; batez beste 15.000 euro ingurukoa da urtean. Sindikatuen arabera, «oso eskasa» da jaso duten azken proposamena: aurten soldatak %0,5 igotzea, 2022an %1,5, eta 2023an %1. Gaur egun KPI kontsumorako prezioen indizea %5etik gora dagoela kontuan hartuta, proposamen horrekin langileek erosahalmena nabarmen galduko luketela ohartarazi dute.

Sektoreko azkeneko lan ituna 2016koa da, eta horretan jasotzen da KPIaren araberako igoera. Sindikatuek ez dute plataforma bateraturik adostu, baina guztiak bat datoz soldaten igoeraren eskaerarekin. Horrez gain, beste batzuk egin dituzte: behin-behinekotasuna murriztea eta sexu arrakala amaitzea; azpimarratu dute sektore feminizatua den arren —langileen %90 inguru emakumeak dira— lan kontratu finkoa dutenen %95 gizonezkoak direla.

Oro har, deialdia egin duten lau sindikatuek uste dute lan baldintzak nabarmen hobetu behar direla. Hori dela eta, borroka luzea izango dela aurreikusten dute, «gai horiek guztiak mahai gainean jarri behar direlako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.