Lan gatazkak

Abenduan beste astebeteko greba egingo dute Bizkaiko autoeskoletan

Duela 11 urte amaituriko lan ituna berritu nahi dute langileek, baina azaldu dute patronalak ez duela negoziatu nahi. Salatu dute bulegoetako langileen soldata garbiak ez direla iristen mila eurora.

Bizkaiko autoeskoletako langileen protesta bat. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 30a
13:13
Entzun

ELA sindikatuak beste bost greba egunera deitu du abenduaren 13tik 17ra Bizkaiko autoeskolen sektorean. Salatu du lan hitzarmena berritzeko eginiko deiei erantzun gabe jarraitzen duela patronalak. Duela 11 urte iraungi zen ituna. Mobilizazioekin batera, abenduaren 9an Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan egitekoa den bilerara joateko eskatu dio patronalari.

Langileek, besteak beste, hau eskatu dute: soldata taulak erregularizatzeko, 11 urteotan galdutako erosahalmena berreskuratzeko, ordutegiak hobeto antolatzeko, eta sexu arrakala amaitzeko. Agerraldian, langileen ordezkariek salatu dute lan baldintzak «oso prekarioak eta kasu askotan irregularrak» direla.

ELAk gogorarazi du ia autoeskola guztietan irakasleek soldata ofizialak osatzen dituztela «modu irregularrean» ordaintzen dizkieten beste kopuru batzuekin. Gainera, azpimarratu dute mila eurora ez direla iristen irakasle ez diren langileen soldatak, batez ere administrazioko langileenak, gehienak emakumeak.

Bizkaian 400 langile inguru ditu sektoreak; 80 autoeskola daude, 120 bulegotan banatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.