Ikus-entzunezkoak

Espainiako Gobernuko iturriek esan dute atzerriko plataformek ez dutela %6ko kuotarik bete beharko

Gaur onartu dute Espainiako ikus-entzunezkoen lege berria, eta hainbat hedabideren arabera, Netflixek, Disney Plusek, HBO Maxek eta Amazon Prime Videok ez dute edukiaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izan beharko. ERCk iragarri du emendakinak aurkeztuko dizkiola testuari.

Netflix Euskaraz ekimenaren agerraldia, apirilean, Durangon (Bizkaia). ENDIKA PORTILLO / FOKU
Urtzi Urkizu - Paulo Ostolaza
2021eko azaroaren 30a
16:14
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak Ikus-entzunezko Lege Orokor berria onartu du gaur. Plataformei kuotak ezartzea adostu zuen ERCk Espainiako Gobernuarekin. Baina AADP elkarteak eta Plataforma per la Llenguak uste dute «murritza» dela legea, plataformak soilik bikoiztuak eta azpititulatuak dauden edukiak sartzera beharko baitu legeak, «teknikoki posible denean», eta horrek aitzakiak emango dizkiela plataformei.

Hori gutxi balitz, Espainiako Gobernuko iturriek albiste agentzia bati esan diote gaur atzerriko plataformek ez dutela %6ko kuotarik bete beharko, eta soilik egoitza Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan edota Galizian duten plataformei eragingo diela legeak (Filmin, Movistar edota Atresmedia, besteak beste). Agentziek diotena egia bada, Netflixek, Amazon Prime Videok, Disney Plusek eta HBO Maxek, besteak beste, ez dute edukiaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izan beharko.

ERCk emendakinak aurkeztuko ditu. Testua ez da behin-betikoa, eta, subiranisten arabera, «gutxiengoak soilik» adostu zituzten, gaur Gabriel Rufian bozeramaileak berretsi duenez. Gobernuak ERCren babesa behar du aurrekontuak onartzeko. Ikusteko dago zertan gelditzen den ikus-entzunezko lege berria, eta nola eragiten dion euskarazko, katalanezko eta galegozko edukiei.

Joan den astean hala azaldu zuen akordioa ERCk: «Netflixen egongo diren ehun filmetatik 30ek Europan ekoitziak izan beharko dute; horietatik, erdiak, Estatuko hizkuntzan (gazteleraz); horietatik %40, katalanez, euskaraz edo galegoz. Hau da, Europako pelikulen %20k gutxienez katalanez, euskaraz edo galegoz eskuragarri egon beharko dute. Eskaintzen den edukia hizkuntza koofizial batean eskuragarri badago, itzulita edo azpidatzita, eskaintzan gehitu beharko da derrigorrez».

Kongresuan, Espainiako Gobernuaren aurka gogor jo duena Mireia Vehí CUPeko diputatua izan da: «Nola da posible gobernu batek ez balio izatea atzerriko enpresa handiei legeak betearazteko?». Plataforma horiekin gogorra izateko eskatu du, kuotak bete ditzaten.

Kataluniako bikoiztaileen eta TV3en arteko akordioa

Bestetik, Kataluniako DUB bikoiztaile taldeak agerraldi bat egin zuen, hamar eguneko epean negoziazio bidez baldintzak hobetzen ez baziren greban hasiko zirela mehatxu eginez. Handik egun gutxitara, TV3 telebistako zuzendaritzak bilera batera deitu zituen bikoiztaileak. CCMA Kataluniako hedabide publikoen korporazioak baldintza berriak ezarri dizkio TV3i, eta bikoiztaileen eskaerak aintzat hartuko dituzte. Hala, katalanezko bikoizketarako aurrekontua %30 haziko da, eta kontratazioetarako sei estudiori emango diete lana.

Bikoizketa zerbitzuen kontratazioetan, mekanismo bereziak ere ezarriko dituzte: auditoriak, zaintza zerbitzuak eta bikoizketa planak. Aurreko baldintzetan desagerraraziak zituzten mekanismo horiek.

Vicent Sanchis TV3eko zuzendariak Kataluniako Parlamentuan aitortu berri du bikoizketarako baldintzen hobekuntzak bikoiztaile elkartearekin egindako lanaren eta negoziazioen fruitu direla.

Kalitate eskakizunak ere sartu dituzte eskakizun pleguan. Bikoiztaile katalanak oro har gustura daude baldintza berriekin. Baina AADP elkarteak ohartarazi du kezka duela zenbait zerbitzu azpikontratatu egin daitezkeelako. Gogorarazi du 2020ko agirian azpikontratazioaren debekua ezarria zegoela, eta orain ez dela debeku hori jaso testuan.

Kataluniako Generalitateko Kultura Sailaren bikoizketarako aurrekontua aurten 6,3 milioi eurokoa izan da —ia hiru milioi eurotan handitu zen iazkoarekin alderatuta—. Gehiago haziko da datorren urtean.

Bieuseko bikoiztaileen egoera

Kataluniako bikoiztaileek lortutakoaren harira, Bieuse elkarteko bikoiztaileek —hiru urte dira greba hasi zutenetik— uste dute sei estudio kontratatzeak lanaren «kalitatea» eta «aniztasuna» bermatzen dituela. ETBk estudio bakar bati ematen dio lana egun: Bilboko Mixer enpresari. Baldintzetan, bestalde, Bieuse kooperatibari iruditzen zaio katalanek kalitate eskakizunak lortu dituztela: «Katalunian bikoizketarako eskakizun plegua lanbideak benetako balio izan dezan aldatu dute, kalitate linguistiko eta artistikoa lehenetsiz, tarifen igoera eta lan kantitatearen gehitzearekin batera. Duintasunez lan egiteko moduko baldintza ekonomikoak hobetu dituzte». Aldarrikapen horiek berak ditu elkarteak. «Bieusen beti eskatu duguna da, baina erakundeen gaiarekiko ukazioa amaigabea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.