Euskara

Euskara «eremu ez-formaletan» sustatzea eskatu dute hainbat erakundek

Jaurlaritzak, diputazioek, hiriburuetako udalek, Edelek eta Uemak adierazpen instituzional bat adostu dute Euskararen Egunaren harira.

Euskararen Nazioarteko Egunari begira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek aderazpena bateratua irakurri dute gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
unai etxenausia
2021eko abenduaren 1a
12:40
Entzun

Euskara lanabes, aro berrirantz. Erabilera eremu berri eta ez-formaletan ere, euskarak arnasa berri. Hori da aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunari begira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek egindako adierazpenaren izenburua. Etzi ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta, egun horren harira, adierazpen instituzional bat irakurri dute Gasteizko Oihaneder kulturgunean Eusko Jaurlaritzako ordezkariek; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietakoek; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletakoek; eta Eudeleko eta Uemakoek. Aldarrikatu dute «eremu ez-formaletan» ere euskarak lekua irabazi behar duela: «Hizkuntzaren erabilera formalarekin batera, eremu ez-formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gozatu behar du euskaraz bizitzeko aukera».

Bestalde, pandemiaren inguruko gogoeta egin dute adierazpenaren irakurketan: «Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak». Uste dute hori dela pandemiaren osteko «aro berriaren» ezaugarrietako bat, eta euskarak «dagokion tokia» hartu behar duela nabarmendu dute erakundeek: «Eraginkorki. Tinko». Are, euskara lortzen ari dena goraipatu dute; izan ere, zaila da «hizkuntza ozeano erraldoian» horrelakorik lortzea.

Gainera, garrantzitsutzat jo dute gazteengan euskara sustatzea. Adierazi dutenez, «euskararen bizi indarra jokoan» dago. Gazteak aritzen diren esparruetan euskara sustatu eta indartu behar dela nabarmendu dute: federazioetan, klubetan, elkarteetan eta beste hainbat eremutan. Halere, ez bakarrik gazteena, erantzukizuna euskal gizarte guztiarena ere badela gaineratu dute. «Euskara prest dugu, gure gizartea gogotsu, gure herria erabaki bat hartuta: abia gaitezen!», amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.