Real Madril 1-0 Athletic

Gehiago merezi izan du

Athletic Real Madrilen areara heldu den bakoitzean txiki geratu da Courtoisen aurrean. Benzemak sartu du partidako gol bakarra.

jarraia206722.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 1a
23:13
Entzun

Athleticentzat Santiago Bernabeun ezustekoa ematea izango zen ukendurik onena. Garaipen lehortea, baina, eten ezinik dabil. 1-0 galdu du Real Madrilen aurka, ligako bederatzigarren jardunaldi atzeratuan. Zuri-gorriek atea zulatzeko aukerak erruz izan dituzte, baina beste behin, agerian geratu da jokalarien zorroztasun falta. Porrot hori kontatuta, sei partida daramatzate irabazi gabe.

Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak aurreko neurketatik hiru aldaketa egin ditu. Berritasunik handiena eskuin hegalean egon da: Oier Zarraga ipini zuen. Atzeko lerroan, berriz, Unai Nuñezek bete du Iñigo Martinezen hutsunea, eta aurrean, Iñaki Williams aritu da, Real Madrili kontraerasoetan min egiteko xedez.

Lehen abisua Real Madrileko jokalariek eman dute. Viniciusek ezker hegaletik erdiraketa egin eta Benzemak errematatu du, baina Unai Simon atezainak erantzun ona eman dio jaurtiketari. Bigarrena ere, Viniciusek eta Benzemak elkarren artean egindako jokaldi bizi baten ostean, sukalderaino sartu dira, baina berriz ere Simonekin egin dute topo. Carlo Ancelottirenak eroso zenbiltzan soropilean; Marcelinorenak, aldiz, gozakaitz, euren joko estiloa ezarri ezinik,

Harik eta zuri-gorriak suspertu diren arte. Kontraeraso batean. Williamsek bote lasterrean ongi eman dio baloiari, baina Militaoren hankan jo eta gutxigatik kanpora joan da. Hurrengo minutuan, Athleticeko jokalaria Courtoisekin aurrez aurre geratu da, baina ez du jokaldia biribiltzea lortu. Bizkaitarrak sarriago heltzen ziren Real Madrilen areara, baita abaguneak eduki ere; hala nola Raul Garciak area txikian bere kasa buruz errematatu du, baina Courtois erne ibili zen. Joaldiak, ordea, gutxi iraun dio Athletici. 39. minutuan, Benzemak 1-0ekoa egin baitu aldaratze batean. Maisua da horretan ere frantziarra. Zuri-gorriak kolpea hartuta heldu dira atsedenaldira.

Zuri-gorrien erauntsia
Bigarren zatian, Athletic maiz heldu aurkariaren areara. Zarragak urrunetik lehor-lehor eman dio baloiari, baina ezkerreko zutoin ondotik joan da. Handik gutxira, De Marcosek area barruan errematatu baina baina Lucas Vazquezen hankan jo du baloiak. Aukera gehiago izan ditu Athleticek gola sartzeko. Nuñezek sekulako abagunea izan du, baina kanpora joan zaio buruz egindako errematea. Nahi eta ezinean aritu dira zuri-gorriak amaiera arte. Courtois Real Madrileko atezaina izan da Athleticen borrero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.