Bidesariak

Gipuzkoak hirugarren foru araua onartu du kamioientzako bidesariak legezko izan daitezen

EAJk eta PSEk aurrera atera dute arau berria A-15 autobidean eta N-1 errepidean bidesariak ezartzeko. Oposizio osoak ezezkoa eman dio proiektuari Batzar Nagusietan.

Bidesariak N1 errepidean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2021eko abenduaren 2a
12:48
Entzun

N-1 errepidean eta -15 autobidean kamioien joan-etorria zergapetzeko hirugarren foru araua onartu du Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen duten alderdi biek Batzar Nagusietan, eta, horrenbestez, horien ibilbide osoan bidesaria ordaindu beharko dute kamioilariek, berriro. Uda partean urrats bat atzera egin zuen Aldundiak autobien bidesarien auzian, baina azken helburua aldatu gabe, uste duelako errepide horiek erabiltzen dituzten kamioiek bidesariak ordaindu behar dituztela. Hala ere, onartu zuen aldi batez ezingo zizkiela bidesariak kobratu, epaitegien aurkako ebazpenak tarteko. Lehen bi foru arauak atzera bota dituzte epaileek, eta Eider Mendoza bozeramaileak jakinarazi zuen hirugarren foru araua prestatu bitartean uko egingo ziotela behin-behineko formula batekin kobratzen segitzeari.

Gauzak horrela, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia argitaratu duenetik, kamioiek ez dute dirurik ordaindu behar izan N-1 errepidea eta A-15 autobidea erabiltzeagatik, urriaren 20az geroztik. Epaia irmoa da, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuelako aintzat hartu aldundiak haren aurka jarritako helegitea. Orain, ordea, hirugarren foru arauak martxan jarri du bidesariak berriro ezartzeko atzerako kontua. Aldundiak uste du 2022. urteko hondarrean edo 2023. urtearen hasieran prest izango direla jada. Aldaketa nabarmen bat edukiko du sistema berriak, epaileek baliogabetutako beste bien aldean: N-1 osoan eta A-15 osoan ordainduko dutela bidesaria kamioilariek, eta ez tarte jakin batzuetan soilik.

Hala, beste lau arku handi ezarriko ditu errepideetan diputazioak, eta beste 109 arku txiki. Urtebete beharko da lan horiek bukatzeko, eta 25,3 milioi euroko inbertsioa. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oyarbidek esan du arau berriak N-1 errepideko eta A-15 autobideko 76,352 kilometroak zergapetuko dituela. «Ez dago aukerarik bazterketa dagoela interpretatzeko, ez zuzenean ez zeharka, lotune guztiak eta mugimendu guztiak zergapetuko direlako».

Bidesaria 3,5 tonatik gorako kamioientzako izango da, garraiolaritzan aritzen direnentzat. 0,22 euro kilometroko tarifa izango dute kamioirik handienek, eta 0,28 eurokoa arinek.

Hiruren kexuak

Bidesarien aurkari sutsuenetako bat izan da Hiru garraiolari autonomoen sindikatua. Astelehenean, kamioi karabana batekin salatu zuen aldundiak ez diela 2018tik «irregularki» kobratutakoa automatikoki itzuli nahi, eta epaitegien eskaerei soilik erantzungo diela. Atzo, agiri baten bidez, «onartezintzat» jo zuen garraiolariek soilik hartu beharra beren gain errepideen mantentze lanen ordainketa, errepideak publikoak direlako eta salgaien errepideko garraioa «ezinbesteko zerbitzu publikoa» delako.

Hiruren argudioek ez dute itzal handirik izan errepideen jabe diren beste erakundeen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak 2022ko udazkenerako agindu du hainbat bide kamioientzat ordainpeko egiteko asmoa. Nafarroako Gobernuak, berriz, «apurka» ordainpeko egin nahi ditu kamioientzat A-1a, A-10a, A-15a, A-68a eta N-121-A.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.