Pentsioak

EAJk pentsio erreforma babestu du, eta EH Bilduk abstentziora jo du

Alderdi jeltzaleak baiezkoa eman dio belaunaldi arteko ekitate tresna jaso duen erreformari, «bidezkoagoa delako». Koalizio abertzaleak «abstentzio kritiko» batera jo du, «bidea egiteko».

Jose Luis Escriva ministroa, Espainiako Kongresuan, gaur,. RODRIGO JIMENEZ / EFE
xabier martin
2021eko abenduaren 2a
18:56
Entzun

Pentsioen sistemak azken erreformak jasotako aldaketekin jardungo du 2022. urtearekin batera Hego Euskal Herrian, Espainiako Kongresuaren oniritzia lortu baitu araudi berriak, aldeko 176 botori esker. EAJk babestu egin du Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroaren lege egitasmoa, «Gernikako Estatuaren eskuduntzak baztertzeko joera islatzen duen arren», eta EH Bilduk abstentziora jo du, «abstentzio kritiko batera, kalean jarraitzen duten pentsiodunen errebindikazio batzuk jasotzen dituelako, baina beste asko ez».

Madrilgo gobernuak eta Espainiako gizarte eragileek negoziatutako erreformaren lehen zatia da onartutakoa, besteak beste, MEI belaunaldien arteko ekitate mekanismoa jaso duena; hark ordezkatuko du PPren erreformak jasotako jasangarritasun faktorea, gaur arte indarrean sartu ez den murrizketa gogorra pentsioak kalkulatzeko prozeduran. Langileen kotizazioak hamar urtez 0,6 puntu gehiago pagatzea dakar MEIk —0,5 enpresarien esku eta 0,1 langileen esku—, eta horrekin baby boom belaunaldi oparoaren erronkari aurre egitea espero du Escriva ministroak. Hamar urtean pentsioen itsulapikoan 41.000 milioi euro sartuko direla aurreikusi du.

Baina dagoeneko lege den erreformak ez dio atea itxi pentsioak apalduko lituzkeen kalkulatzeko eredu berri bati. Hamabostetik 25 urtera handitu zuten pentsioa kalkulatzeko zenbat urteko kotizazioak hartzen diren kontuan —aurten 24 urte dira, eta 25 urte izango dira 2022an—, eta ez dira aditu gutxi uste dutenak epe hori 35 urtera ere zabal daitekeela.

Boto erabakigarriak

Izan ere, Espainiako Gobernuak etorkizun hurbileko baliabide gisa azaldu dio aukera hori Europako Batzordeari pentsioen bideragarritasunari buruzko agiri batean. Pentsioen erreforma urtea amaitu aurretik onartuta eduki behar zuen Espainiak, Europako Funtsen hurrengo ordainketa jasotzeko.

Bada, EAJren eta EH Bilduren botoak «erabakigarriak» izango zirela aurreikusi zuen ELA sindikatuak, eta haiei eta Elkarrekin Podemosi presio egiten aritu zaie, erreforma onar ez dezaten. Urriaren 24an kalera atera zen Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Ez gaitzazue Madrilen saldu leloarekin, sindikatu horrek uste baitu erreformaren azken helburua pentsioen zenbatekoa jaistea dela. Erreformaren bigarren zatian iritsiko litzateke benetako murrizketa, ELAren arabera.

EH Bilduko diputatu Iñaki Ruiz de Pinedok argi esan du Madrilgo ganberan, pentsio erreforma ez dela koalizio horren gustukoa, baina haren talde parlamentarioak ez zuen ezezko botoa eman. «Pentsiodunen borrokari esker baztertu da jasangarritasun faktorea, eta jaso da KPIra lotutako igoera, baina oraindik urrun dago sistema publiko sendo eta bidezko bat izatetik». Hala, Ruiz de Pinedok uste du «aukera historiko bat» galdu dela: «Aurrerakuntzak badauden arren, ez dira nahikoak». Gainera, gogoratu du erreforma negoziatu duen mahai sozialean ez dagoela «Euskal Herriko ordezkaritza politikoa eta sindikala». Finean, EH Bilduk abstentziora jo du, «jaso diren aurrerakuntzek bidea egin dezaten» beste pentsio sistema batera heltzeko.

EAJko diputatu Mikel Legardak, berriz, esplikatu du orain onartutako pentsio erreformak «diru sarrerak handitu» egiten dituela pentsioak apaldu ordez, «eta hori bidezkoagoa da, eta EAJren sustrai humanistekin bat dator». Gogoratu zuen EAJren «rol garrantzitsua» pentsioak KPIarekin batera igo daitezen; 2018. eta 2019. urteetan Rajoyren %0,25eko igoera baztertzeko «ezinbesteko ekarpena» egin zuen EAJk, Legardaren arabera. Dena den, kezka bat helarazi zion Sanchezen gobernuari: pentsio erreformak islatzen duela Gernikako Estatutuaren «eskunduntza batzuk baztertzeko joera». Hala, EAJk «arretaz» aztertuko du lege berriaren eboluzioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.