Mendia

Everestera igotzeko beste bide bat aurkitu dute

Aurkikuntza garrantzitsua da, Everesteko igarobide arriskutsuenetako batetik ez igarotzeko modua emango baitie alpinistei: Khumbuko ur jauzia. 1953tik 44 hildako izan dira han.

Khumbuko glaziarra. ALEX TREADWAY / EFE
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 3a
17:57
Entzun

Frantziako eta Nepalgo eskalatzaile batzuek iragarri dute beste bide bat aurkitu dutela Everestera igotzeko. Nepalgo aldetik igotzeko aukera emango luke, eta aurkikuntza garrantzitsua da, Khumbuko izotzezko ur jauzia igarotzea saihesteko aukera emango lukeelako. Ur jauzi hori oso arriskutsua da. Marc Batard alpinistak honela azaldu du aurkikuntza: "Aurkitu dugun bidea 5.164 metrotik hasten da, Gorakshepetik, Everesteko oinarrizko kanpalekuaren azpitik. Nuptseko mendebaleko beheko harrizko oinarritik pasatzen da. Hortik lehen kanpalekura joaten da, eta hala ez da Khumbutik igaro behar. Biziak salbatzen lagunduko duen bide bat da".

Batardek azaldutakoaren arabera, zazpi ordu inguru beharko dituzte alpinistek 1.000 metro inguru egiteko, eta hala 6.200 metrora igoko dira, justu lehen kanpalekuaren gainetik, 6.050 metro ingurura. "Udaberriko denboraldian probatuko dugu, martxo eta maiatz artean. Eta horren arabera ikusiko dugu espedizio komertzial batek erabil dezakeen".

Khumbu izotzezko ur jauzia 5.500 eta 5.800 metro artean dago, Everesten oinarrizko kanpalekuaren gainean. Ohiko bideari jarraituz, normalean alpinistak gauean edo goizalean iristen dira hara: 03:00-05:00 artean. Izotz blokeak egonkorren dauden unea da, eta elur jausiak gertatzeko arriskua txikiagoa da. Baina, hala ere, ez da batere erraza hura igarotzea, ezta eskarmentua duten gidari eta xerpentzat ere. Lauzpabost ordu behar dituzte ur jauzia igarotzeko. "Proba ondo ateraz gero, oso lagungarria izango da haientzat ere".

Khumbun izandako istripu larrienetakoa 2014an gertatu zen, glaziar bateko zati bat hautsi eta gero. Hamasei xerpa hil ziren, eta denboraldi hartako espedizio guztiak bertan behera geratu ziren. Azken datuen arabera, 1953 eta 2016 artean 44 pertsona hil dira han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.