Lanean ari zela, behargin bat hil da bart gauean Bergaran, Fagor Ederlanek duen lantegian, «lan istripu ez-traumatiko batean». LAB sindikatuaren afiliatua zen langilea, B.O.M. 44 urteko markinarra.
Sindikatuak azaldu du heriotza honekin aurten jada 59 langile zendu direla euren lanpostuan Hego Euskal Herrian, eta haietatik hamabost hil direla lan istripu ez-traumatiko deiturikoetan. «Gaurko heriotza ezin diogu halabeharrari egotzi», gaineratu du LABek. «Oso irakurketa sinplista izango litzateke hori. Behin baino gehiagotan salatu izan dugu txanda sistemak eta bereziki gaueko lanak osasunean eragiten duen kalte fisiko eta psikologikoa».
Bide horretan, LABen iritziz, «lantokietan egiten diren arriskuen ebaluazioetan ez dira jasotzen lanak errealki sortzen dituen patologia guztiak, eta, beraz, ez da lan osasunaren zaintza integral eta eraginkor bat egiten. Hainbat eta hainbat gaixotasun profesional daude, isil-isilean eta inor konturatu gabe langileen osasunari kalte egiten diotenak, eta kasu askotan langileari heriotza dakarkiotenak». Sindikatuak osasuna eta bizitza aintzat hartuko dituzten prebentzio politika eraginkorrak eskatu ditu: «Hor uste dugu administrazio publikoek erantzukizun handia dutela».