Komunikazioa

Roaminga ordaindu gabe jarraituko dute Batasuneko herritarrek 2032ra arte

Europako Batasuneko beste herrialderen batean oporretan, ikasten edo negozio bidaian daudenek etxean ordaintzen duten tarifa bera ordaintzen dute egindako deiengatik eta erabilitako datuengatik, roaminga indargabetu zenetik, 2017ko ekainean.

Telefono bat Europako Parlamentuan. PATRICK SEEGER / EFE
xabier martin
2021eko abenduaren 9a
11:31
Entzun

Ez dira gutxi izango, ustekabean edota ezinbestean, telefono konpainiari dirutza ordaindu behar izaten ziotenak Europako Batasuneko estatu batetik bestera egindako deiak zirela eta. Dei eta SMS horiengatik eta jasotako datuengatik norbere telefono konpainiak ezarritako tarifa garestiagoari deitzen zitzaion roaming. Ingelesezko to roam aditzetik dator, bidaiatzea edo mugitzea, norabide oso zehatzik gabe. 2017an, akordio zabal batek ahalbidetu zuen tarifen garestitze hori baztertzea. Bada, orain akordio horrek segida luzeagoa izango du, 2032. urtera arte behintzat, roaminga ez baita pagatuko estatu kide batetik bestera egiten diren komunikazio horietan.

Aldiro-aldiro estatu bateko muga pasatu eta beste batean lan egiten edo ikasten duten herritarrentzat oso garrantzitsua da roamingik ez egotea: adibidez, Bidasoko muga aldiro gurutzatzen duten euskal herritarrentzat.

Roaminga kendu eta bost urtera erabaki horrek eragindako ondorioak aztertuko zituztela lotu zuten 2017an, eta azterketa horrek dio ondorio positiboak izan dituela Batasunaren barruko joan-etorriei eta komunikazioei dagokienez; hortaz, 2032. urtera arte roaminga ez da indarrean izango EBn. Batasuneko herritarrek kontratatutako Internet abiadura berean aritzeko eskubidea izango dute, gainera, beste estatu kide batean egonez gero, horretarako sareak dauden bitartean behintzat. Izan ere, Europako Batzordeak dio bidaiarien herenek arazoak izan dituztela beren sareko abiaduraren kontratazioak lortzeko atzerrian.

Europako Batzordeak, EBko Kontseiluak eta Europako Parlamentuak egin dute akordio politikoa, eta oraindik ofizialdu egin behar dute. "Greziara, Austriara edo Bulgariara oporretara joatea; Italiara edo Estoniara bezeroengana joatea; atzerrira joatea telefonia konpainiek tarifa garestiagoak kobratuko ote dituzten kezkarik gabe, hori EBko merkatu bakarraren esperientzia bat da. Aurrera jarraituko du, eta, gainera, gaurkotu egingo dugu esperientzia hori: kalitate, zerbitzu eta gardentasun hobeekin". Barne merkatuko komisario Thierry Bretonek azaldu du roamingik ez egotea zein garrantzitsua den Batasunaren barruan bidaiatzen dutenentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.