Mendia

Mendi lasterketako korrikalariek ez dute berriro korrituko euskal selekzioarekin

Euskal selekzioko korrikalariek «onartezintzat» jo dituzte Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritza berriak hartu dituen erabakiak, eta «desegokia» dela iruditu zaie aukeratu duen bidea. 2021eko mendi lasterketako euskal selekzioko korrikalari guztiek sinatu dute oharra.

Euskal selekzioko korrikalariak, 2019ko Zegama Aizkorin, irten aurretik. SERGI COLOMé
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 10a
18:52
Entzun

Mendi lasterketako korrikalari gehienek ez dute berriro korrika egingo euskal selekzioaren elastikoarekin. Hala dio 2021eko mendi lasterketetako euskal selekzioko korrikalari guztiek sinatutako oharrak.

2021eko otsailean, Euskal Mendi Federazioan hauteskundeak egin ziren, eta zuzendaritza berria eratu zen. Oharrak dioenaren arabera, korrikalariek ez zuten aldaketa handirik sumatu, hautatzaileek egiten baitute zuzendaritzaren eta korrikalarien arteko zubi lana. «Baina hautatzaileek kezkatuta aitortu ziguten zuzendaritza berriak lan egiteko beste modu bat zuela», diote oharrean. Adierazi dutenez, zuzendaritzak «mespretxuz» eta «aldebakarrez» hartutako erabakien ondorioz, hautatzaileetako batek kargua utzi zuen, eta beste batek ez zuela jarraituko esan zieten.

Hori ikusirik, abenduaren 9an korrikalariak, hautatzaileak eta federazioko zuzendaritza taldea batzartu ziren. 2022ko denboraldiari begira, zuzendaritza taldeak egungo hautatzaileekin ez zutela «kontatuko» azaldu zien korrikalariei. «Ohar honen bidez, 2021eko euskal selekzioko korrikalariok onartezintzat jotzen ditugu Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritza berriak hartu dituen erabaki eta moduak, eta hartu duen bidea desegokia dela iruditzen zaigula adierazten dugu».

Korrikalariek adierazi dute mendi lasterketetako euskal selekzioa orain arte izan dena izatea «nahi» dutela. «Mundu mailako probetan parte hartu, eta ofizialtasuna lortzeko bidean aurrerapausoak eman nahi ditugu». Baina hori horrela ez izango dela aurreikusten dutenez, korrikalari gehienek aitortu dute erabaki «tamalgarriena» hartuko dutela: «Ez dugu berriro korrika egingo euskal selekzioaren elastikoarekin».

Horrez gain, denboraldi honetan lortutako emaitzak «berebizikoak» izan direla uste dute. Oharrean, gogora ekarri dituzte emaitza horiek: «Espainiako Kopan, gizonezkoetan, irabazlea izan dugu, eta beste lauk lehen hamarretan sailkatzea lortu dute; emakumezkoetan, hirugarren eta hamargarren postuak lortu ditugu. Espainiako Txapelketan, berriz, lehen bosten artean gizonezko hiru korrikalarik amaitu zuten, eta emakumezkoetan, laugarren postua lortu genuen. Munduko Kopan ere, laugarren eta zazpigarren postuetan sailkatu dira bi gizonezko, eta bosgarrena izan da emakumezko bat. Baina iruditzen zaigu federazioak emaitza horiek ez dituela behar bezainbeste baloratu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.