«Birusaren zabalkundeari dagokionez, garairik txarrenetariko batean gaude»

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du ZIUetako oheen %31 COVID-19 pazienteek hartuta daudela, eta ez dagoela egoerak hobera egiteko «aurreikuspenik»

arantxa iraola
2021eko abenduaren 13a
12:25
Entzun

1.359 positibo atzeman ditu Osakidetzak COVID-19aren izurriaren jarraipena egiteko azken testetan: proben %12 izan dira positiboak, eta Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin dituen adierazpenetan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak unearen larria onartu du: «Egoera ez da ona». Eta, datuei begira, onartu du oraingoz ez dagoela motiborik baikor izateko: «Ez dago aurreikuspenik egoerak hobera egingo duela esateko». Izurriari aurre egiteko indarrean dauden neurriak konplitzeko eskatu du; esan du neurri berriak hartuko direla, baina ez du zehaztu zein izango diren. Kasuen hamalau eguneko intzidentzia metatuaren igoera etengabeaz ere ohartarazi du, milako langatik hurbil baitago: 937.

Osasun sisteman egoerak ekarritako «presioa» igartzen ari dela esan du. Aitortu du izurriari aurre egiteko kontingentzia plana bigarren fasean dagoela, eta Donostiako Ospitalean dela egoera larriagoa; 3. fasean daude han. ZIUetan dauden pazienteen %31,6 COVID-19 pazienteek betetzen dituzte orain. Era berean, berretsi du lehengo astean hartutako neurria indarrean dagoela: lehen mailako artako hainbat kontsulta bertan behera uzten ari dira, «larritasuna« duten egoerak leheneste aldera.

Ikusi gehiago:koronabirusaren azken datuak

Umeen txertaketari dagokionez, esan du bihar arratsaldetik aurrera egongo dela haurrentzat ordua hartzeko era. 9-11 urte bitarteko umeei deia egiten hasiko dira.

Sagarduik gogora ekarri du osasun ziurtagiriaren erabilera zabaltzen hasteko asmoa dutela, eta horretarako eskea egin diotela EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari. Eremu hauetara zabaldu nahi dute: kontzertu aretoetan eta kultur jarduerak egiteko aretoetan eskatzen hasi nahi dute, kiroldegi eta antzekoetan, kirol instalazio irekietan eta zerbitzu soziosanitarioetan. Era berean, zabaldu egin nahi dute ostatu eta jatetxeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.