Somalia

Gurutze Gorriak ohartarazi du Somaliako lehorteak eta gatazkak herrialdeko egoera okertu dutela

300.000 biztanlek baino gehiagok jasan dituzte lehortearen ondorioak, eta 100.000 lagun baino gehiago lekualdatu dira. Larrialdi egoera deklaratu zuen gobernuak azaroan.

Somaliako biztanleak putzu batetik ura ateratzen, lehorteari aurre egin nahian. PABLO TOSCO/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko abenduaren 14a
13:33
Entzun

Somalia larrialdi egoeran dago aurreko hilabetetik, jasaten ari diren lehorteak Galgaduud eskualdeko 300.000 laguni kalte egin eta gero. Lehorteari gatazka armatua batu zaiola ohartarazi du Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak, eta horrek herrialdeko egoera okertu duela. Hain zuzen ere, nazioarteko erakundeek jakinarazi dute 100.000 biztanlek baino gehiagok etxea utzi behar izan dutela gatazkaren eta lehortearen ondorioz.

Herrialdean pairatzen ari diren krisia bikoitza dela azaldu dute nazioarteko hedabideek, garai bertsuan gertatu baitira lehorteak eta gatazkak eragindako krisiak. Ur faltak 300.000 laguni eragin die zuzenean, baina 2,3 milioi biztanlek —herrialdeko bost biztanletik batek— ur premia duela azaldu du NBEk. Era berean, Gurutze Gorriak jakinarazi du liskarrek «eragin nabarmena» izan dutela biztanleriarengan, eta osasun sareko eraikinak guztiz edo partzialki suntsitu dituztela. Horrez gain, ura biltegiratzeko sistemak ere kalte nabarmenak izan dituela gehitu du.

Urri bukaeran arnasa pixka bat eman zion lehorteak biztanleriari, euri jasa txiki batek aurre hartu baitzion. Garai horretan egin zuen eztanda, hain zuzen ere, gatazkak. Bertako erakundeek azaldu dutenez, Galgaduud eskualdean euritea hasi bezain pronto, beste eremu idorretatik jendea azaldu zen bertara. Baina gobernuko indarren eta talde armatu batzuen arteko liskarrak zenbait hildako utzi zituen. Eta, horretatik ihesi, 100.000 lagunek inguruko lurraldeetara alde egin dutela jakinarazi dute bertako agintariek; Gurutze Gorriak azpimarratu du haietako asko inguruko herrietan eraikitako kanpaleku informaletan daudela. Kanpaleku horietan daudenen artean ur faltagatik eskualdera heldutako migratzaileak ere badaudela azaldu du erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.