Hitzarmen Ekonomikoa

Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko akordioa lortu dute Espainiako eta Nafarroako gobernuek

Kontzertu Ekonomikoarekin aurretik egin bezala, berriki onartutako Google eta Tobin tasak sartu dira, eta akordioa eta enpresa handien BEZari buruzko doikuntza aldatu da

Elma Saiz, Finantza eta Ekonomia kontseiluaren bilera telematiko batean. Uztailerako bilera horretan zehaztu zen Hitzarmen Ekonomikoa eguneratzeko negoziazioari irailean ekitea. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2021eko abenduaren 14a
18:46
Entzun

Oraingoz, lehen akordioa baino ez da. Nafarroako eta Espainiako gobernuek Hitzarmen Ekonomikoa eguneratzeko lehen urratsa egin dute. Ofizialki, astelehenean bilduko da Negoziazio Batzordea, eta orduan sinatuko da ituna. Bi aldeek ez dute informazio handirik eman. Nafarroako Gobernuaren arabera, edukia «garrantzitsua» da, eta zerga harmoniazioaren zein finantza harremanen inguruko neurriak jaso ditu. 1990ean Hitzarmen Ekonomikoaren legea onartu zenetik, sei aldiz berritu da. Azkena, 2015 hasieran —ordu hartan Yolanda Barcina zen Nafarroako Gobernuko lehendakari, eta Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministro—.

Nafarroako Gobernuko iturriek esan dute ezin dutela gehiago zehaztu, akordioaren edukia negoziazio batzordean diren alderdiei pasa beharko dietelako eta haiekiko begirunez. Dena den, Kontzertu Ekonomikoarekin egin bezala, bi gobernuek adostu dute azkenaldian onartutako zerga berriak eranstea Hitzarmen Ekonomikoari, Nafarroak haien gaineko eskumena izan dezan: finantza harremanen gaineko Tobin tasa eta teknologia multinazionalen gaineko Google tasa. Halaber, BEZ zergaren doikuntzak berritu dituzte. Enpresa handien BEZ zerga lurraldeko fakturazioaren arabera kobratuko du Nafarroak.

Gobernuaren arabera, akordioan Hitzarmen Ekonomikoaren legearen testua aldatu da, bai finantza arloan eta bai zerga arloan. Behin hori eginda, gobernuko iturriek uste dute urrats bat gehiago egin dela ekarpena finkatzeko negoziazioan. 2020etik 2024rako eperako, Nafarroak estatuari urtero bere gain ez dauden eskumenen truke ordaindu beharreko diru kopurua zehazteke dute. Aurki, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du trafikoaren eskumena, eta bizitzeko gutxieneko diru sarreren errenta kudeatuko du; besteak beste bi zerbitzu horien kostuari buruz ez dira ados jartzen bi aldeak.

Hemendik aurrerako bidea

Atzokoa lehen akordioa baino ez da. Astelehenean bilduko da Negoziazio Batzordea, eta, behin sinatuta, alde bakoitzak bere bidea hartu beharko du: Nafarroan, lehenik gobernu kontseiluak onartu beharko du aldaketa, eta, gero, parlamentuak aurrera atera beharko du edukia gehiengo handiz; Espainian, berriz, Ministroen Kontseiluak aurreproiektu bidez aurkeztuko du eguneratzea, eta Gorteek onespena eman beharko diote.

Dena den, bide hori guztia tramite bat izatea espero da. Negoziazio Batzordean parlamentuko talde guztiek dute ordezkaritza. Gobernuaren ordezkari gisa, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria eta Oscar Martinez de Bujanda Ogasuneko zuzendari nagusia daude. Navarra Sumaren izenean, Javier Esparza eta Maria Jesus Valdemoros daude; PSNren ordezkari gisa, Ramon Alzorriz eta Ainhoa Unzu; Geroa Baitik, Uxue Barkos eta Fernando de la Hucha; EH Bildutik, Adolfo Araiz eta Maiorga Ramirez; Ahal Dugu-ren ordezkari gisa, Ainhoa Aznarez eta Mikel Buil; eta Ezkerratik, Jose Miguel Nuin eta Jesus Pardo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.