Ingurumena

Ingurumen delituak kartzelarekin zigortzea proposatu du Europako Batzordeak

Europako Batasuneko estatu kideek zehaztu beharko dute zeintzuk diren gutxieneko zigorrak, eta kontratu publikoak lotzea debekatuko diete delitu larriak egiten dituztenei.

Uztailean Eguarasko barrutian (Bardeak) izandako sutea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 15a
12:35
Entzun

Europako Batzordeak zigor gogorragoak nahi ditu ingurumenaren aurkako delituak egiten dituztenentzat, eta delitu horiek gehiago zehazteko ere eskatu die Europako Batasuneko estatu kideei. Neurria aurrera aterako bada, Europako Parlamentuaren eta Europar Kontseiluaren onespena behar du oraindik, baina Batzordeak aurreratu ditu dagoeneko proposamenaren puntu nagusiak: kartzela zigorrak jasoko dituzte ingurumenaren aurkako delituak egiten dituztenek, eta, kasu larrienetan, ukatu egingo zaie kontratu publikoak eskuratzeko aukera. Gutxieneko kartzela zigorrak eta delituaren nondik norakoak, ordea, estatu kide bakoitzak zehaztu beharko ditu.

Ingurumen komisario Virginijus Sinkeviciusek azaldu duenez, urtero %5 handitzen dira delitu mota horiek, eta horien ondorioek luze eragiten dute: «Ez dago neurri nahikorik ingurumen legeak betearazteko, eta, ondorioz, maiz zigorrik gabe geratzen dira delituok». Europako Batzordearen asmoa litzateke egun dauden delituak are gehiago zehaztea, baina, aldi berean, lege hausteen zerrenda handitzea egun delitu gisa jasotzen ez diren beste hainbat ekintzekin; besteak beste, egurraren legez kanpoko salerosketak, ontziak ezkutuan desegitea eta ura baimenik gabe ustiatzea.

Horiek hala, Bruselak estatu kideak derrigortu nahi ditu mota horretako delituak zigortzera, eta helburu horrekin gutxieneko kartzela zigorrak ezartzeko eskatu die, baita isunak edo bestelako zigor ekonomikoak aztertzeko ere, delitu larriagoen kasuan, esaterako, herritarren heriotza edo osasun arazoak eragiten dituztenentzat. Proposamenak aurreikusten du, gainera, kaltea eragiten duenak kalte ordainak eman beharko dituela, ezin izango duela diru laguntza publikorik jaso, eta baimen administratiboak kenduko dizkiotela.

Hala ere, Sinkeviciusek ohartarazi du jazarpenaren eta indarkeriaren biktima izan ohi direla halako delituak salatzen dituztenak, eta, beraz, horiek babesteko neurriak ere eskatu ditu. «Ingurumenak ez du mugarik, baina haren aurkako delituek ondorio kaltegarriak dituzte estatu kideengan. Proposamen honek tresna gehiago emango dizkie agintariei eta justiziari, ingurumenaren aurkako delituak geldi ditzaten», azaldu du komisarioak. Horretarako, baina, elkarlan handiagoa eskatu du Bruselak, baita justiziari eta segurtasun indarrei baliabide gehiago emateko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.