ETB

Egunean Behin jokoaren finala eta elkartasun maratoia egingo dituzte bihar ETBn

Alzheimerrarekin lotutako saio bereziak emango dituzte ETB1en eta ETB2n. Bestetik, Egunean Behin jokoaren final sinkronizatua 21:30ean hasiko da, eta Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute.

Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus. ETB
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 15a
13:01
Entzun

Bihar hasiko da EITB Maratoiaren eguna, 09:00etan, EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan jarriko duten deien gunean; bertan izango dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria, besteak beste. Ohi bezala, egunean zehar 150 pertsonaia ezagun arituko dira gune horretan deiak hartzen, eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu ere bertan izango dira egun osoan.

EITBko hedabideek luze eta zabal emango dute horren berri: Biba Zuek Ondorengoak (ETB1) eta El Día de Mañana: Especial Alzhéimer( ETB2) saio bereziekin bukatuko da eguna. Azkeneko konexioan, Andoni Aldekoa EITBko zuzendaria izango da deien gunean.

Goizean zehar, EITB Maratoiak eta aurtengo kausek leku berezia izango dute Donostiako Kontxako hondartzan, harean egingo duten esku hartze artistiko iragankorrean. Streaming bidez ikusi ahalko da hori guztia.

Alzheimerraren ikerketaren alde dohaintzak egiteko zenbait aukera jarri ditu EITBk: 900-840 750 doako telefonoa, Bizum (33478), banku transferentzia, eta Internet bidezko ekarpena EITBren webgunean.

Egunean Behin jokoaren finala ETB1en

Egunean Behin lehiaketako final sinkronizatua egingo dute bihar gauean, elkartasun maratoiaren harira: Biba Egunean Behin telebistako saio berezia emango dute, zuzenean, 21:30ean, ETB1en. Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute bigarren aldiz aldibereko lehiaketa handia —aurreneko aldia uztailean egin zuten—. Eitb.eus-en eta EITBren Youtubeko kanalean ere ikusi ahal izango da saioa.

Oraingo honetan, platoan eta Euskal Herri osoko Egunean Behin-en zaleekin batera, bikote hauek parte hartuko dute: Maitane Urbieta kazetaria eta Iker Galartza aktorea —Euskadi Irratian elkarrekin Realaren Europako Ligako partidak komentatzen dituzte—; Gazteako Julen Telleria eta Jon Gotzon Aldaparena; eta Xabier Lizaso bertsolaria eta Sara Cozar aktorea.

Gonbidatuen artean, halaber, Erik Gartzia Egaña izango dute saioan. Denboraldi honetako txapeldun absolutua izan da Egunean Behin aplikazioan, eta Oarso-Bidasoko Hitza-ko kazetaria da —BERRIAn aritu zen kazetari duela urte batzuk—. Jokoan parte hartu duten 83.223 jokalariren artean berak lortu ditu puntu gehien. Platoan txapeldunak ere izango du 10 galdera 40 segundo azpitik nola erantzuten duen erakusteko aukera.

Finalaren dinamikari dagokionez, lau partida jokatuko dira, eta galdetegi berdinak azalduko dira sakelako telefono guztietan aldi berean (21:30ean). Lehen hiru partidak parte hartzaile guztientzat izango dira; laugarren partida erabakigarrira, berriz, aurreko hiru partidetako 20 onenak pasatuko dira. Denboraldi honetan 83.000 lagunek jokatu dute Egunean Behin-en, eta 3,9 milioi partida jokatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.