Erresuma Batuko bidaiariek ezin izango dute Ipar Euskal Herrira bidaiatu

Txertaketa bultzatzeko neurriak eskatu ditu Europar Kontseiluak. Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak ohartarazi du txertoak «bakarrik» ez duela balio birusa hesitzeko.

Osasun langileak pertsona bati txertoa jartzen, Frankfurten, Alemanian. CONSTANTIN ZINN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 16a
13:16
Entzun

Pandemia da oraindik ere kezka nagusia Europan. Herritarren heren bat txertatzeke dago oraindik, eta ospitaleratuak gero eta gehiago dira. Horiek hala, COVID-19aren aurkako neurriak izango dituzte gaur hizpide Europar Kontseiluaren goi bileran. Zehazki, txertaketak bultzatzeko neurriak adostu nahi dituzte Europako batasuneko estatuburuek, baita estatuen arteko elkarlana bultzatu ere, besteak beste opor aurreko badaezpadako neurriei dagokienez. Horretan, ordea, zail izango dute batasun irudia ematea, Portugalek eta Italiak dagoeneko iragarri baitituzte bidaiarientzako neurriak.

Italiak iragarri du bidaiariek euren herrialdetik irten aurretik egin beharko dutela koronabirus proba, eta txertatu gabekoek, horrez gain, bost eguneko berrogeialdia bete beharko dute Italiara iritsitakoan. Neurriok astelehenean sartuko dira indarrean, eta EB Europako Batasuneko herritar guztiei eragingo diete —orain arte, nahikoa zen txertaketa ziurtagiria aurkeztearekin—. EBtik kanpoko herritarren kasuan, nahitaez bete beharko dute berrogeialdia.

Erresuma Batuko bidaiariek ere ezingo dute abenduaren 17tik Ipar Euskal Herrira bidaiatu, eta itxita aurkituko dituzte Frantziarako sarrera guztiak. Hala iragarri du Parisek, bi estatuen arteko bidaiak eten egingo direla, lanarekin lotutakoak ez badira. Araua ez dute bete beharko herritar frantziarrek eta haien bikotekideek. Erresuma Batuak orain arteko kutsatze kopururik handienaren berri eman eta hurrengo egunean iragarri du neurria Emmanuel Macron presidentearen gobernuak —88.376 kasu jakinarazi ditu gaur Londresek; duela bi aste baino %67 gehiago—.

Europar Kontseiluak onartuko duen neurri bakarretako bat izan da COVID ziurtagiriak bederatzi hilabetean iraungitzeko proposamena —ziurtagiria berriz indarrean sartuko litzateke erabiltzaileak hirugarren dosia hartutakoan—, eta hori ere «aurrerago» berretsiko dutela esan dute. Aldiz, beren kabuz bidaiak mugatzea erabaki duten herrialdeak kritikatu dituzte, Italiari eta Portugali erreferentzia eginez, baina izenik esan gabe.

Mezua berari zuzendua zela ohartuta, Italiako lehen ministro Mario Draghik defendatu egin ditu Erromak hartutako neurriak. Gobernuburuaren esanetan, gaur-gaurkoz Italian omikron aldaera ez dago horren zabaldua, eta egoerari bere horretan eusteko asmoz hartu dituzte aurretiazko neurriak. Draghik, ateak itxita egindako agerraldian, EBko kideei gogorarazi die Italian 135.000 hildako eragin dituela pandemiak, eta egoera ekonomikoa ere ez dela batere ona —barne produktu gordinak %9 egin zuen behera iaz—.

Kritikak kritika, estatuburuek ez zuten galdu beren buruak txalotzeko aukera, eta nabarmendu dute EB dela txertoen «emaile eta esportatzaile nagusia». Izan ere, Europar Kontseiluaren arabera, «banaketa arazoak» daude, eta horregatik ez dira nahikoa txerto iristen hegoaldeko herrialdeetara. Hori oinarri hartuta, erakundeak «ahalegin handiagoa» eskatu die estatuburuei, hartutako konpromisoak bete ditzaten.

Herritarren %56,5ek hartu dute COVID-19aren aurkako dosiren bat munduan; baina soilik %7,5ek hegoaldeko estatuetan. Horietan, eta batez ere Afrikako estatuen kasuan, gobernu eta estatuburuak kexu dira estatu aberatsek ez dizkietelako hitzemandako txertoak bidaltzen. Munduko Bankuak berak datu argigarri bat eman du aste honetan: egungo egoera aldatu ezean, 3.214an egongo dira txertatuta Burundiko biztanleen %70.

Uztailean sartu zen indarrean ziurtagiria EBko kide diren estatuetan. Ordu hartan hitzartu zuten estatu kideek ez zietela baldintza gehiago jarriko EBko herritar ziurtagiridunei. Baina, azken asteetan, kasu kopuruak gorantz jarraitzen duela ikusita, hainbat estatu hasiak dira bestelako neurriak ezartzen. Portugal izan zen ziurtagiriaz gain test negatibo bat eskatu zuen lehen herrialdea.

Europan, txertaketa kanpaina azkartzen ari dira zenbait herrialdetan, batez ere omikron aldaeraren zabalkundea ikusita. Haatik, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak atzo ohartarazi zuen txertoak «bakarrik» ez duela balio birusa hesitzeko, eta neurri «gogorragoak» eskatu zituen.

Kontuz ibiltzeko deia

Badaezpadako neurriei eusteko eskatu du Hans Henri Klungek, OME Osasunaren Mundu Erakundeko Europarako ordezkariak. Gabonetako oporren atarian dira Europa osoan, eta ohikoak izaten dira bilerak, jaiak eta bazkariak. Osasun egoera zer-nolakoa den aintzat hartuta, ordea, kezkatuta agertu da Klunge, eta txertatzeko eskatu die herritarrei.

OMEk aholkatu du lagunekin edo senideekin bildu aurretik test bat egiteko, eta, ahal dela, talde txikietan biltzeko, baita distantziak errespetatzeko, jende multzoak saihesteko eta maskara erabiltzeko ere. «Asko aurreratu dugu iaztik. Badakigu nola egon seguru, eta nola zaindu gure ingurukoak. Hori ez da aldatu omikronekin. Aldaera hori baino lehen ere, larrialdi egoeran zegoen Europa», nabarmendu du Klungek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.