EAE-ANVren 133 zerrenden ezeztatzea berretsi du Auzitegi Konstituzionalak

2007ko maiatzaren 11
13:25
Entzun
Imanol Murua

Eusko Abertzale Ekintza-ANVko 133 hautagaitzak eta Abertzale Sozialisten 252 zerrendek ezin izango dute Euskal Herriko udal eta foru erakundeetarako bozetan aurkeztu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berretsi egin dituelako Auzitegi Gorenak joan den larunbat eta igandean hartutako erabakiak. Abertzale Sozialisten hautesle elkarteek 82.500tik gora lagunen babesa jaso zuten, sinadura bidez, maiatzaren 27ko bozetan aurkeztu ahal izateko. EAE-ANVk aurkeztutako gainerako 123 hautagaitzek gainerako alderdi eta zerrendekin lehiatu ahal izango dute, Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak haien aurkako inpugnaziorik ez zutelako aurkeztu.

Auzitegi Konstituzionalak bart gauean berretsitako erabakiaren ondorioz, Nafarroako Parlamentuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan batere ordezkaritza politikorik ez dute izango ez ASk ezta EAE-ANVk ere, Bizkaiko Batzar Nagusietan lau barrutietatik bakarrean lortu ahal izango ditu hautetsiak EAE-ANVk, eta Araban hiru barrutietatik bitan. Hiriburuen artean Iruñeko Udalean baino ez du ordezkaritza lortzerik izango ezker abertzaleko alderdi historikoak, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hautagaitzak baliogabetu egin dizkietelako, beste 121 udalerritakoak bezala.

KANPAINA HASITA. Erabakia gauerdia pasata jakinarazi zuten Auzitegi Konstituzionaleko iturriek, hauteskunde kanpaina era ofizialean hasi eta ordu laurdenera. Egun osoa batzartuta egon ziren sei magistratuak, hala nola Maria Emilia Casas epaimahaiburua, Manuel Aragon, Pablo Perez Tremps, Javier Delgado, Jorge Rodriguez Zapata eta Roberto Garcia Calvo.

Arratsaldean, Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak norbere alegazioak aurkeztu zituzten, EAE-ANVk aurkezteko babes helegitea ez onartzea eskatzeko, zerrenden inpugnazioetan emandako argudioak berretsiz. Hautagaitzen baliogabetzeekin «inoren funtsezko eskubideak» ez direla urratu argudiatu zuen, besteak beste, Fiskaltzak, eta Auzitegi Gorenak parte-hartze politikorako eskubidearen murrizte «proportzionatu eta arrazoizkoa» egin duela defendatu zuen Estatuaren abokatuak.

EAE-ANVren defentsak ere alegazioak aurkeztu zituen atzo arratsaldean, Auzitegi Gorenaren erabakiak helduleku juridikorik ez zuela adierazteko berriro, eta prozeduraren desegokitasunak argudio gehiago emateko. . Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak hautatutako prozedurak eta Auzitegi Gorenak egindako egokitzeak EAE-ANVren zerrendak baliogabetzea ezinezko egiten duela arrazoitu zuten, berriro, EAE-ANVko abokatuek bost orrialdeko idatzian.

PROZEDURA. Azkenean hauteskunde helegite gisa tramitatu zuen Auzitegi Konstituzionalak EAE-ANVri buruzko auzia, prozedurari buruzko hainbat egokitzeren ondoren. Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak Hauteskunde Legearen 49.5 artikuluaren bidetik egin zuten zerrenden inpugnazioa, arau horrek hautesle elkarteak inpugnatzeko bidea baino ematen ez duen arren, ez alderdi politikoen zerrendak inpugnatzekoa. Hori zela eta, Auzitegi Goreneko 61eko salak egokitu egin zuen prozedura eta, Hauteskunde Legearen bitartez beharrean, Alderdien Legeen bidetik erabaki zuen, Batasunaren legez kanporatze epaiaren exekuzio gisa.

Bide horretatik -jurisdikzio zibila- hautagaitzen aldarrikapena baliogabetzea ezinezkoa zela argudiatu zuen EAE-ANVren defentsak, erabaki administratiboak jurisdikzio kontentzioso-administratiboaren bidetik baino ezin direlako baliogabetu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.